Idealista.com higiezinen-atariak Espainiako Estatuko alokairuen prezioen inguruko oharra argitaratu du. Euskal Herriko bi hiriburuk Espainiako Estatuko prezio-igoera handienak izan dituzte azken urteetan: Donostiak eta Iruñeak.
Datuek prezioen hamabi urteko bilakaera hartzen dute erreferentziatzat, krisia hasi zen unetik abiatuta, 2007ko hirugarren hiruhilekotik gaur egun arte alegia. Aldi horretan, Donostian alokairua %50etik gora igo zen. Horri gehitu behar zaio Gipuzkoako hiriburua Espainiako Estatuko alokairu garestiena duen hirugarren hiria dela, Madril eta Bartzelon bakarrik ditu gainetik. Idealistaren datuen arabera, 14,5 euroko prezioa du metro koadroko; Madrilen eta Bartzelonan berriz, 16 eurotik gora dago metro koadroa.
Iruñeari dagokionez, azken bost urteetan igo dira nabarmen alokairuak. Idealistak Granadakoarekin alderatzen du bere kasua, jokabide hori unibertsitate-hiri izatearekin lotuz. Hala eta guztiz ere, alokairuaren prezioa Donostian baino askoz baxuagoa da, metro koadroa 9,2 euroan baitago. Guztira, 2019a amaitzean, Iruñeko alokairuko etxeen prezioak 2018aren hasieran baino %38,5 altuagoak dira. Atariaren arabera, datorren urtean igotzen jarraitzeko aukerak daude.
Webguneak ohar baten bidez adierazi duenez, alokairuaren prezioak ia ez ziren jaitsi krisiaren urte gogorrenetan (%5,7 baino ez), eta azkenkoan %29,4ko gorakada izan zuten. Gainera, etxebizitza turistikoen ugaritzeak sarrerak are gehiago murriztu du alokairuko etxebizitzen eskaintza eta horrek prezioetan eragina izan du –zenbat eta etxe gutxiago merkatuan, orduan eta aukera handiagoak haien prezioak igotzeko, kontrol neurririk ezartzen ez bada–.
Bestalde, aipatutako atariak egiten dituen proiekzioen arabera, 2020an prezioek behera egin lezakete. Alokairuak, bere analisten iritziz, sabaia jo du dagoeneko.