Urriaren 12a baliatu dute, ibilbide komentatu baten bidez, Donostiaren iragan eta orain koloniala agerian jartzeko. Lau geldialditan lekuarekin loturiko datu eta irakurketak egin dituzte: Plaza Berrian, Santa Maria Elizaren aurrean, Trinitate enparantzan eta Okendo plazan. Amaieran Donostia dekolonialaren aldeko manifestua irakurri eta ildo honetan lanean jarraitzeko borondatea adierazi dute.
Urriaren 12an egiten diren aldarrikapenei beste buelta bat eman eta ikuspegi dekoloniala gehitu nahi izan diote aurten zenbait herritarrek. Estefania Quilezek hartu du hitza eta "Donostia dekoloniala izan da eta hala da oraindik ere", aldarrikatuz hasi dute ibilaldia. Adierazi dute historia beste ikuspegi batetik planteatuta, herritarren bizitzak eta munduan egoteko modua aldatu nahi luketela. Hego Ameriketatik datorren komunitatearekiko harremanak ere beste leku batetik planteatzeko beharra adierazi dute.
Lau geldialdi egin dituzte eta Xalba Ramirezek Irutxuloko Hitzan eginiko kronikan xeheago jasotzen dira bertan esandakoak. Lehenengoa irteera puntua: Plaza Berria. Ofizialki Konstituzio Plaza, baina plaza eraiki zutela 300 urte bete diren honetan, azken urteetan honen izen aldaketaren alde lanean ari den taldeko kide Dani Goñik hartu du hitza eta plazaren izenaren inposizioa kokatu du. Adierazi du aurrera begira ekimen berriak prestatzen ari direla gaia sozializatzen jarraitzeko.
Santa Maria elizaren parean izan da bigarren geldialdia. Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren diru-ekarpenari esker eraikitako eliza. Markel Ormazabalek kokatu du batetik konpainia hori nola sortu zen eta gaiarekin loturiko zenbait gertaera kontatzeko baliatu dute parada. Aipatu dute matxinada herritarra gertatu berria zela aduanen leku-aldatzeari lotuta, eta horrek eragin zuzena izan zuela konpainia horrek zenbait hamarkadaz ia Hego Amerika osotik Euskal Herrira garraiatzeko merkantzien monopolioa lortzeko. Kokatu du, konpainia honek kakaoa eta beste lehengai batzuk ekartzen zituela jakina dela, baina historia ofizialetik kanpo utzi ohi dela nork jasotzen zituzten lehengai horiek: Afrikatik eramandako esklaboek. Horrez gain, konpainiak akzioak zituen beste konpainia batzuetan, hala nola, esklaboen salerosketan zebiltzan enpresa batzuetan. Horrez gain, Ormazabalek azaldu du 1766ko Azpeitiko matxinadaren aurkako errepresioa, Karakasko konpainiak finantzatu zuela.
Hirugarren geldialdia Trinitate enparantzan izan da. Bere garaian, Donostiako kartzela zaharra izan zen, Ormazabalek azaldu duenez. Plaza horrekin zerikusia duten anekdotak lotu ditu, besteren artean, espetxe horretan izan zituztela hamaika esklabo, Udalak salmentan jarri zituela eta zein familiek erosi zituzten: Errazkin, Aiertza...
Azkenik, Okendo almirantearen estatua dagoen plazan amaitu da ibilaldi komentatua. Donostia dekolonialaren manifestua irakurri du Estefania Quilezek. Joseba Parronek eginiko bideo honetan manifestuaren testua entzun daiteke eta ibilaldiko irudiak ikusi.
Donostiako Antigua auzoan, Sortuk kartel informatiboak jarri ditu zenbait kaleren izenen jatorria azalduz. Bideo hau egin dute Negu Gorriaken Irakatsitako historia kantuarekin eta bertan ikus daiteke ekimena.