argia.eus
INPRIMATU
Donostia 2016ren inguruan batasun argazkia atera dute udal ordezkariek
  • Donostiako Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek argazki bateratua atera dute asteartean, Donostia 2016 egitasmoari babesa eskaini asmoz.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko apirilaren 29a
Donsotiako udal ordezkariek adierazpen bateratua irakurri dute (argazkia: Donostia Gaur).

Hiru puntuko adierazpena irakurri dute udal ordezkariek, Donostia 2016rekin konpromiso “ahobateko eta sutsua” dutela adieraziz eta proiektua aurrera ateratzearen alde egingo dutela baieztatuz, “edozein sigla edo ikuspegi alderdikoiren gainetik”.

Proiektua garatzeko iparrak “adostasuna, kultur bikaintasuna eta herritarren partaidetza” izango direla adierazi dute eta Donostia 2016ko Fundazioa osatzen duten gainontzeko erakundeei lanean jarraitzeko eskatu diete.

Giroa baretzen

Badirudi Europako Kultur Hiriburuaren inguruko giroa baretzen ari dela azken asteetan alderdi politikoen artean. Horren erakusgarri izan liteke Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak pasa den asteburuan Diario Vascon argitaratu zuen gutuna: Odon Elorza alkate ohiari eskua luzatu zion proiektuan parte har zezan.

Izagirrek gutunean zioenez, Europako Kultur Hiriburu izendapena lortu izanaren hirugarren urteurrena –ekainaren 28an izango da– “aukera ona” da proiektuan protagonismoa izan zuten pertsonak “lehen lerrora” itzultzeko.

“2016a ezagutarazteko ordua” dela ere adierazi zuen Donostiako alkateak, “ezinikusi zaharrak, errezelo politikoak, konfiantza falta funtsgabeak eta gainditu gabeko herrak alde batera utzita”.

Elorzak bere webgunean erantzun zuen astelehenean, proiektuan laguntzeko prest dagoela adieraziz eta Donostiako Udalari erantzuki batzuk eginez.