Tentsio handiko bilera espero zen eta iraun zuena kontuan hartuta, eztabaidarako behintzat eman zuen. Akordiorako ez ordea. Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua alde batetik eta Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia bestetik aritu ziren Donostia 2016ren patronatuko bileran.
Kultur Hiriburuan parte hartzen duten erakundeek Donostiako Udalaren proposamen bat eztabaidatu zuen asteartean: bertan, Espainiako Kultura ministerioari eskatzen zaio 2016aren kontra epaitegietan jarri duen demanda zibila erretiratzeko.
Eta proposamena aurrera atera da, baina ez aho batez. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bozkatu dute alde. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak berriz, kontra.
Bileraren gakoetako bat zen Jaurlaritzak nolako jarrera hartuko zuen, ordura arte kritiko agertua baitzen ministerioak epaitegietara bidean jarri duen hitzarmenarekin –Kontseiluak hizkuntza gutxituei buruzko goi-bilera antolatuko du horren bidez–, baina Madrilek abiatutako bide judizialak jauzi kualitatiboa ekarri du erakundeen arteko tentsioan.
Asteartean birritan bozkatu zuen Kultura ministerioarekin batera. Bigarren bozketan hitzarmenaren legezkotasuna defenditzeko patronatuaren zerbitzu juridikoak erabiltzearen kontra agertu ziren Jaurlaritzako bi ordezkariak eta Espainiako Kultura ministeriokoa.
Izagirre: “2016a babesteko aukera galdu dute”
Bileraren amaieran Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Jaurlaritzaren eta Madrilgo Gobernuaren jarrera gaitzetsi zuen, El Diario Vascok jaso dituen adierazpenetan: “2016ari babesa adierazteko aukera galdu dute”.
Dena den, Izagirrek baieztatu zuen proiektua gainbegiratzen ari diren Europako ordezkariek “normaltasunez” hartzen dituztela erakunde publikoen artean gertatzen diren mota honetako eztabaidak.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak ere hitz egin zuen bileraren ostean. Berriak jaso duenez, hizkuntza gutxituen goi-bilera nola antolatu den kritikatu zuen. Bere esanetan “zuzendaritzarik ez zegoen une batean alkateak eta EH Bilduk esan diote talde teknikoari: 'Hau egin behar duzu, eta jende honekin egin behar duzu'”.
Bileraren aurretik Kontseiluko iturriek adierazi zutenaren arabera, goi-bilerarekin aurrera jarraitzeko asmotan dira. Gogora ekarri dute, halaber, bi urte daramatzatela Donostia 2016rekin lankidetzan.