argia.eus
INPRIMATU
Donostia 2016ko zuzendari postua utzi du Itziar Nogerasek
  • Itziar Nogerasek dimisioa aurkeztu du eta ez da Donostia 2016ko zuzendari orokorra izango hemendik aurrera. Asteazkenean baieztatu da kargua utziko duela.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko apirilaren 02a
Nogerasen dimisioaren ostean ostiralean bilduko da 2016 Fundazioko Patronatua (argazkia: Donostia Gaur).

Bere postua Hiriburu Kulturalaren Fundazioko Patronatuaren esku utzi zuen astearte arratsaldean. 24 orduko epe baten ondoren Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, 2016ko Fundazioaren Patronatuko presidentea ere badenak, jakinarazi du dimisioa behin betikoa dela.

Asteartean jakinarazi zuen Donostia 2016ko bulegoak Nogerasek postua uzteko borondatea azaldu zuela bilera batean. Bertan parte hartu dute Patronatua osatzen duten erakundeek: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Kultura ministerioa.

Zazpi hilabete karguan

Zazpi hilabete zeramatzan karguan Nogerasek eta hasieratik eztabaidatu da bere izendapenaz. Postua lehiaketa publikorik gabe eman zitzaiolakoan Espainiako Kultura ministerioak azalpenak eskatu zituen.

Nogerasek, artean Elhuyarren lanean ari zen garaian, lankideei bidali zien mezu batean oinarritu ziren prozedura zalantzan jartzeko. Mezu hartan informatzen zuen Donostia 2016n eskaini zioten lanpostu berriaz. Zuzendari orokorra hautatzeko lehiaketa publikoa iragarri gabe zegoen oraindik.

Behin lehiaketa eginda, Nogeras hautatu zuten zuzendari orokor, Eva Salaberriaren ordez.