Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.
Proiektuaren balorazio ekonomikoa egin dute asteazkenean. Donostia 2016 kultur hiriburuak urte amaieran aurkeztu zuen informearen arabera, 3.193 jarduera egin dituzte urte osoan (egunean zortzi). Balorazioa egiteko erabili den ikerketaren arabera, 47 milioi horietako %60 ostalaritza eta komertzioek jaso dituzte.
El País-ek eman duen albistearen arabera, ardura bera jaso duten beste hirietan baino etekin ekonomiko txikiagoa lortu dituzte Donostian. Ateratako emaitzak hiri horretan bertan egiten diren beste jardunaldi batzuen eragin ekonomikoarekin alderatu ditu egunkariak. Zinemaldiak 27 milioi euroko etekin ekonomikoak eragin zituen bederatzi egunean, 2013ko ikerketa baten arabera; Jazzaldiak 11 milioi sei egunean; eta Behobia-Donostiak 15 milioi egun bakarrean.
Egunkariak jasotako adierazpenetan, Eneko Goia alkateak esan du kultur hiriburua nabaritu egin dela eta turisten etorrera eta eskaintza kulturala urtaro guztietara zabaldu dela. Ikerketa berberaren arabera, 1.894.610 pertsonak pasa zuten gaua hiriko ostatu eta hoteletan. Hiriko biztanle bakoitzeko, hamar bisitarik egin zuten lo Donostian. Zifra hori %8,4 hazi da iazko urtearekin alderatuta.