argia.eus
INPRIMATU
Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzua, “egoera jasanezinean”
  • Gauez ia aste osoan ateak itxita izaten ditu Donibane Lohizuneko osasun zentro horretako larrialdi zerbitzuak. Herri Berri udal oposizio taldeak deituta, mobilizazioei ekin diete herritarrek eta jadanik 3.000 sinadura bildu dituzte zerbitzu "iraunkor eta eraginkorra" defendatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko martxoaren 05
Donibane Lohizuneko poliklinika aurrean elkarretaratzea. ETB

Joan den ostiralean 50 lagun inguru elkarretaratu ziren Donibane Lohizuneko poliklinikaren aurrean Herri Berri oposizioko taldeak deituta, hango larrialdi zerbitzuak irekita mantentzea eskatzeko. Azken zortzi hilabeteetan "krisian" da zerbitzu hori eta ia aste guztian gauez ateak itxita izaten ditu. Hori horrela, urte hasieratik alarma piztu dute herritarrek eta inguruko herrietako hautetsi eta kargu politikoek.

Poliklinikak Lapurdiko Urdazuri eskualdeko hamabi herritako biztanleei ematen die zerbitzua eta zonaldean 65.000 pertsona inguru bizi dira. Baina nabarmendu dutenez, sasoi turistikoan bi edo hiru aldiz emendatzen da biztanle kopurua: "Behar dugu zerbitzu hau, baina ez hau bakarrik, gehiago ere behar dugu", azaldu die elkarretaratzean protestan ari den herritar batek ETBko kamerei.

Poliklinikak Lapurdiko hegoaldeko Urdazuri inguruko hamabi herritako biztanleei ematen die zerbitzua eta zonaldean 65.000 pertsona inguru bizi dira; baina nabarmendu dutenez sasoi turistikoan bi edo hiru aldiz emendatzen da kopurua: "Behar dugu zerbitzu hau, baina ez hau bakarrik, gehiago ere behar dugu"

Elkarretaratzean Peio Dufau seigarren barrutiko diputatuak azaldu duenez, Baionako larrialdi zerbitzuek "ez dute gaitasunik hemen eri diren pertsonak hartzeko" eta horrek egoera okertu baino ez du egiten. Urruñako auzapez Filipe Aramendiren esanetan, bestalde, auzia alderdiez gaindi dagoen zerbait da eta "gizarte zibil osoari" dagokio zerbitzua "elkarrekin" defendatzea.

Ekimenaren sustatzaileek diotenez, finantzaketa arazo baten aurrean gaude, eta osasungintzaren pribatizazioa ere badago atzean: poliklinikak larrialdi zerbitzua gauez ixtearen argudioetako bat da "ez duela aski irabazten", Dufauren arabera. Horren aurrean larrialdi zerbitzu "iraunkor eta eraginkorra" exijitu dute.

Herri Berrik eskaria zabaldu du sarean aldarrikapen horiekin eta jadanik 3.000 sinaduratik gora bildu dituzte.

Gasteizen, Santiago ospitaleko larrialdien "saturazioa"

Joan den astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri zuen Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdi zerbitzuak berriz irekiko dituela apiriletik aurrera, eta horretarako "Erabakimen Handiko Larrialdi Orokorreko" bi kontsulta zabalduko dituela osasun zentro horretan, orain Txagorritxura doan "paziente-fluxu" bat hara bideratzeko.

ESK sindikatuaren esanetan, baina, zerbitzu horiek ez dira hobetuko, "ez baita langile gehiago egongo Santiago Ospitaleko larrialdietan". Hala, plantilla handitu gabe, Txagorritxuko itxaronaldiak bi egoitzetara luzatzea baino ez du ekarriko erabaki horrek, sindikatuak ohartarazi duenez: "Zenbat ordu itxaron beharko dira lekualdaketa bat egiteko? Non itxarongo dute pertsonak eta haren senideek?"

ESKren esanetan, apiriletik aurrera, artatu beharreko paziente fluxuaren gorakadak zerbitzuaren "saturazioa" ekarriko du. Hala, bere aburuz, plantillaren lan-karga handitu eta Santiagoko ospitalean "asistentzia-kalitatea okertzea" baino ez du eragingo.