Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak hogei informazio plaka jarri ditu estoldetan, herritarrak uraren kalitateaz sentsibilizatzeko.
Naiz egunkariak eman du albistearen berri. Kaleko estolda-zuloetatik botatakoa itsasora doa zuzenean. Kutsadura saihesteko deia egin die herriko etxeak herritarrei eta bisitariei. Estolda-zulo ondoan jarritako plakak hala dio: “Hemen itsasoa hasten da, deus ez bota otoi”. Jende asko ibiltzen den guneetan jarri dituzte halako plakak euskaraz eta frantsesez.
Zigarrokina botatzen da sarri estolda-zuloetara eta herriko etxeak adibidetzat hartu du. Europako Batzordeak egindako ikerketa baten arabera, Europako hondartzetan gehien agertzen den hondakina da zigarrokina, eta ondoren plastikozko botilak datoz. Zigarrokin txikiek kalte handia eragiten dute. Filtroek dituzten plastikoek hamar bat urte behar dituzte desagertzeko eta zigarrokinak dituen hainbat substantzia kimiko uretan gelditzen dira, haietako batzuk oso kutsakorrak.
Beheko argazkian Bermeoko Talako kantinan ipini dituzten ontzietako bat ageri da. Kontserbak egiten dituen Arroyabe enpresak kristalezko ontziok oparitu dizkie kantinakoei. Kristalezko ontziak dio haizeak eraman ditzakeen paper-zatiak, pipa-azalak, amatatutako zigarroak sartzeko. Ontziak “Itsasoa hemen hasten da” leloa ere badarama. Terraza eta kostaldea hondakinik gabe mantendu nahi dute.