argia.eus
INPRIMATU
Donibane Lohizuneko eraso euskarofoboa salatzeko mobilizazio zabala
  • Donibane Ziburuko Gaztetxeak elkarretaratzea antolatu du astearte arratsalderako, eta Donibane Lohizuneko auzapezak zein Euskal Konfederazioak deialdia babestu dute.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 05a
Lapurdiko herri bateko festak 2019an. Argazkia: mintzalasai.eus

Iragan asteburuan Donibane Lohizuneko (Lapurdi) herritar bat jipoitu zuten kalean euskaraz hitz egiteagatik, herriko ez-festetan. Hautsak harrotu ditu erasoak, eta astearterako Donibane Ziburuko Gaztetxeak antolatutako elkarretaratze deialdiak babesak jaso ditu astelehenean.

Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko auzapezak erasoa salatu eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu du. Euskara ez dela “negoziagarria” adierazi du ohar batean, eta bera eta Errepublikanoetako gainontzeko hautetsiek mobilizaziora bertaratuko direla jakinarazi du. Euskal Konfederazioak ere argitaratu du prentsa oharra. Euskararen aurkako eraso testuinguru orokor batean kokatu du gertatua Konfederazioak: “Gertakari hau Kontseilu konstituzionalak erabakia hartu eta hilabetera izan denez, iduri du nolazpait batzuk babesturik sentitzen direla beren gorrotoa inpunitate osoz adierazteko. Baina erasoek, mehatxuek, irainek... ez gaituzte isilaraziko! Karrikan, etxean, eskolan, lanean, administrazioan, saltegietan... euskaraz bizi gira eta euskaraz bizitzen segituko dugu!”.

Elkarretaratzea astearteko arratsaldeko 19:00etan izango da, Louis XIV. Plazan.