argia.eus
INPRIMATU
Donibane Lohizuneko arrantzale bat hil da Kantabrian
  • Itsasoan gertatutako istripu baten ondorioz hil da arrantzalea. Hunekin Aski itsasontzian lanean ari zelarik erreskatatu zuten gizona, larunbat arratsaldean. Erietxean hil zen.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 08a
Donibane Lohizuneko kaia. Argazkia: Harrieta171

Larunbatean, arratsaldeko hirurak aldera, ontziak alerta bidali zuen, eskifaiako kide baten ebakuazioa eskatuz. Frantziako Estatuko itsas sorospen zerbitzuek kudeatu zuten alerta, Okzitaniako Tolosatik. Kantabriako kostaldetik 25 milietara zegoen itsasontzia istripua gertatu zenean, eta Espainiar Estatuko zerbitzuei hartu zuten salbamenduaren ardura.

Langilea itsasontzian bertan artatu zuten sorospen zerbitzuek. Baina bere egoera larria zen, eta ebakuatu egin zuten. Kantabriako hedabideek jasotako informazioaren arabera, arratsaldeko laurak aldera Santander hiritik abiatu zen helikopteroa marinela Valdecillaseko erietxera ebakuatzeko. Medikuek ezin izan zuten ezer egin gizonaren bizitza salbatzeko, eta bertan hil zen.

30 langile hil 2024an

30 dira aurten lan istripuz hildako pertsonak, Donibane Lohizuneko arrantzalea kontatuta. LABek argitaratzen duen lan istripuetan hildakoen zerrendaren arabera, Ipar Euskal Herrian hiltzen den lehena da.