argia.eus
INPRIMATU
Donibane Lohizuneko hilketa matxista “krimen basatia” izan dela dio prokuradoreak
  • Gaur egingo diote autopsia gorpuari. Atxilotutako 37 urteko gizona espetxean mantenduko dute epaiketara arte. Prestatutako hilketa matxista izan dela frogatzen bada, biziarteko kartzela zigorra kontenplatzen du Frantziako legediak. Mobilizazioak egingo dituzte egunotan Euskal Herrian.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 06a

Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak igandean eman ditu xehetasunak prentsaren interesa piztu duen agerraldian. "Feminizidioa" izan dela esan du, eta gorpua aurkitu zuten unearen hainbat xehetasun eman ditu: orkatilak eta eskumuturrak loturik zituen, mailu batekin eginiko zauri handia buruan eta bortxatua izatearen zantzuak. Autopsiaren xehetasunak astelehen honetan emango dituzte.

Bourrier prokuradoreak baieztatu du emakume bera dela ostiralean Donibane Lohizuneko Paris hotelean indarkeria zantzuekin hilda aurkiturikoa eta apirilaren erdialdera Ziburuko hotel baten leihotik behera egin zuena. Bosgarren solairutik erori zen ala bota egin zuten, oraindik ez dagoela argi diote iturri ofizialek. Hil ala biziko egoeran heldu zen ospitalera 34 urteko emakumea, eta 37 urteko gizonezkoa atxilotu zuten unean bertan –bere bikotekidea zen eta indarkeria matxistaren aurrekariak zituen–, baina aske utzi zuten, prokuradorearen esanetan emakumeak "suizidiorako tendentzia" zuelako, "aurrekari psikiatrikoak eta joera suizidak" zehazki. Hala ere, hilketa saiakeraren hipotesiak ere aurrera jarraitzen omen zuen.

Medikuek koma artifizialean izan zuten emakumea, baina lortu zuten egonkortu eta bizirik mantentzea. Maiatzaren 1ean desagertu egin zen ospitaletik, ustekabean. Erietxeko arduradunek abisua eman zioten Poliziari, baina ez zuten lokalizatzea lortu. Harik eta joan den ostiralean, maiatzaren 3an, Donibane Lohizuneko Paris hotelean hilik agertu den arte. Gizonezkoa hor egon da egun horietan, eta berak deitu zuen Polizia.

Naiz-ek jaso duenez, urtarrilaz geroztik Frantziako Poliziak begitan zuen 37 urteko gizonezkoa. Fitxatuta zeukan Poliziak, baina inoiz ez zen bortizkeria sexistagatik zigortua izan, aski froga ez zeudelakoan.

Elkarretaratzeak egunotan

Hilketa salatzeko, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizaziorako deia egin du astelehen honetarako, Donibane Lohizunen, Luis XIV. plazan 19:00etan. Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere egingo dituzte protestak.