argia.eus
INPRIMATU
Donibane Garaziko lizeoko bortxaketengatik ikerketapean dauden bi ikasle behin-behinean kanporatu dituzte
  • Diziplina batzordea bildu bitartean mantenduko du neurria Navarre lizeoak. Ikasleon Borroka dinamikak mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko ikastetxeetan ostiralerako.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 05
Navarre lizeoa. Argazkia: Eitb.eus.

17 eta 18 urte dituzte bi gizonezkoek, hedabide ezberdinek zabaldu dutenaren arabera. Jendarmeriak atxilotu eta galdekatu egin zituen iragan astean, lizeoko ikasle diren bi emakume* adin txikik salatutako talde bortxaketaren harira. Bi gizonak ikerketapean aske utzi zituen Jendarmeriak. Navarre lizeoak behin-behinean kanporatzea erabaki du, hamar eguneko epean diziplina batzordearen aurretik pasa arte.

Astelehen goizean jakin zen Navarre lizeoko bi emakume adin txikik* talde bortxaketa salatu zutela iragan astean. Ustezko bortxatzaileak lizeo bereko ikasleak dira. Euskal Irratien arabera, Jendarmeriak lau ikasle gizonezko atxilotu eta galdekatu zituen orotara. Denak utzi zituen aske, horietariko hiru ikerketapean.

Mobilizazioak ostiralean

Ikasleon Borroka dinamikak mobilizazioak iragarri ditu ostiralean Euskal Herriko Ikastetxeetan, emakumeen* autodefentsa aldarri.