Luhuson eman zioten hasiera Libertimenduen garaiari, joan den otsailaren 9an. Atzo, otsailaren 16an egin zuten bigarrena, Amikuzen. Otsailaren 23an Donibane Garazi, Irisarri eta Iruñean du hitzordua Libertimenduak. Azkenik, martxoaren 1ean emango diote amaiera, Esnazun.
Iaz egin zuten lehen aldiz Libertimendua Iruñean, eta parte hartzaileen gogo handia ikusirik, aurten ere errepikatzea erabaki dute. Goizean goizetik hasita, karrikaingurua egingo dute alde zaharreko karriketan barna. Eguerdian, Santana plazan Iruinkokoa dantzatu ostean, bazkari irekia antolatu dute.
Esnazukoa, azkena izaki, ilusio bereziz ekingo diote egunari. Desfilean hasiko dute eguna, 10:30ean. Ondoren ibarreko eskolek emanaldia egingo dute, Zirtzil eta Karatoxen jokoak jarraiturik. Ezin bertsolariak falta, eta Miren Artetxe eta Aimar Karrika arduratuko dira giroa pizteaz. Aperitifa eta bazkariarekin bukatu dute egitaraua.
Dantza, herri antzerki eta bertsoaren bidez, libertitzeko eguna izaten da Libertimendua. Kritika zorrotzak botaz, botere harremanak iraultzeko xedez dabil Libertimendua.