argia.eus
INPRIMATU
Donbasseko herritarrei elkartasuna adierazteko jardunaldiek arrakasta izan dute Altsasun
  • “Donbassekin elkartasun asteburua” ospatu dute Altsasun, Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komiteak eta herriko Gazte Asanbladak antolatuta. Prentsaurrekoa, hitzaldiak eta kontzertuak izan dira eta Ruptly eta Russia Today hedabideek jardunaldien berri eman dute.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 08a
Jende asko bildu zen ostiralean eta larunbatean Euskal Herria Donbas Elkartasun Komiteak eta Altsasuko Gazte Asanbladak antolatutako jardunaldietan (argazkia: Euskal Herria Donbass)

Ekitaldiak ostiralean hasi ziren prentsaurreko batekin. EH-Donbass Komiteak salatu zuen “Europar Batasunaren eta AEBetako gobernuaren izaera anti-demokratikoa eta faxista eta Donbasseko errusiarren kontrako NATOren politika gerrazalea”. Aldi berean, “Kieveko batzorde kolpistaren errepresioa jasaten duten Donbass eta Ukrainako herritarreekin elkartasun aktibo eta eraginkorra” erakusteko eskatu zioten euskal gizarteari.

Prentsaurrekoaren ondoren hitzaldiak izan ziren. Lehenengo Asier Blas politologo, EHUko irakasle eta Europa Ekialdeko gaietan aditua mintzatu zen. Ukrainaren azken urteetako historia errepasatu zuen eta Mendebaldeko herrialdeek autodeterminazio eskubidearen eta giza eskubideen inguruan duten “moral bikoitza” salatu zuen.

Ondoren, Lugansketik etorri berri den Ramiro Madrilgo brigadistak hartu zuen hitza. Bere esperientzia kontatu zuen eta entzuleen arreta bereganatu zuen bonben metraila zatiak erakutsi zituenean.

Larunbatean Kashbad eta Tutan Come On taldeen kontzertuak izan ziren Altsasuko Gazte Asanbladak antolatuta. Bildutako dirua Donbasseko herritarrak laguntzeko bideratuko dute.

Istiluak Ukraina ekialdean

Ostiralean su-etena indarrean jarri zen arren, hainbat eraso izan dira asteburuan. Bonbak entzun dira Ukrainako Mariupol hirian, baita Donetskeko Avdeevkan eta Makeevkan ere, eta borrokak izan dira Donetskeko aireportutik gertu. Donetsk iparraldean dagoen Spartak hirian bonbak jaurti dituzte, hainbat eraikin suntsituz. Zuevkako muga-postu bati ere eraso diote.

Andrey Purguin Donetskeko herri errepublikako lehen ministrordeak adierazi du Minskeko hitzarmena errespetatu eta ez dituztela armak erabiliko, nahiz eta ukrainarrek probokatu. Miliziek igandean esan zuten Ukraina tropak biltzen ari zela Donetsketik 47 kilometrora.