argia.eus
INPRIMATU
Manex Pagolaren hitzaldi-kantaldiak irekiko ditu ‘Otsail Ostegunak’ Donapaleun
  • Otsailaren 2an Manex Pagolak emango duen mintzaldiarekin abiatuko da Amikuzeko euskaltzaleen klasiko bat den 'Otsail Ostegunak' multzoa, ondoren ekarriko dituena Anuntxi Arana, Unai Paskual eta Samara Velterenak. Tartean, Amikuzeko inauteriak bitan banatuak: 4an Santibate gaua eta 19an Libertimendua. Eskualdeko elkarte euskaltzaleak biltzen dituen Zabalik da antolatzailea.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko urtarrilaren 31
Manex Pagolak bere kantuen istorioak kontatzeaz gain jendearekin abestuko ditu ezagunenak. (Argazkia: Badok)

Zabalik elkarteak urtero antolatzen dituen lau hitzaldietan lehen ostegunekoa, 2koa, berezia izango da, antolatzaileen esanetan: "Manex Pagola, bizi bat kantuen sortzen. Landibarretik Euskal Herrirat, 100 kanturen altxor eskainia. Manex Pagolarekin gaupasa, kantuz eta solasean. (...) Gaualdi hortan, Manex bere gitarra besapean gure artean dukegu. Kondatuko dauzkigu bere kantuak nola sortzen dituen, zertan inspiratzen den, eta kantu bakoitzaren gibeleko ixtorioa ere salatuko dauku artetik. Eta bixtan dena, kantatuko ditugu!".

Otsailaren 9an Anuntxi Arana antropologoak hitz egingo du Donapaleun: "Euskal mitologia: zeren eta zertarako. Gure mitoek zer diote eta guhaurek zer diogu beraietaz". Hurrengoan, 16an, Unai Paskual, ekonomia ekologian doktorea: "Ekonomia ekologikoa: justiziazko trantsizio baterako. Krisi ekologikoa eta ekonomikoari nola buru eman". Eta 23an Berria-ko kazetari Samara Velte mintzatuko da: "Kurduak: ekialde hurbileko estokan hartuak. Siria, Irak eta Turkia artean, nolako gerla darabilten".

Amikuzen, ordea, ez da otsailik Libertimendu gaberik. 4an, larunbata, Santibate inauteri gaua egingo dute Donapaleun kalez kale eta ostatuetan eskean eskualdeko gazteek eta 19an, igandea, Libertimendua kale-herri antzerkia, Amikuzeko bezala Euskal Herriko eta mundu osoko aktualitateak eta pertsonaiak urtero larrutzen dituen maskarada handia.