argia.eus
INPRIMATU
Donapaleuk Libertimenduarekin bukatu du bere ihaute-aroa
  • Eguzki eder batekin, hotzik gabe, libertimendu besta egiteko ezin hobea zen aroa izan dugu Amikuztarrek joan den otsailaren 17an. Goizeko 10ak aintzinttoan abiatu zen kabalkada herriko karriketan gaindi. Aroaren gisa, dantzariak ere arrai eta erne agertu ziren.

Mattin Irigoien 2013ko otsailaren 25a
Libertimenduak jende ugari erakarri zuen Donapaleura (argazkia: Nahia Garat).

Merkatu plazara ondoan, aski lan izan zuten borobilaren egiteko hainbeste jenderen artetik, publikoa eta aritzaileak bereizten dituen espazioan egoiten baitzen ikusleen parte bat, dantzariek inguraturik ere memento batez. Azken finean, jendeak ulertu zuen non zen bere tokia eta gauzek ber umore onean segitu zuten aitzina.

Zirtzilek berena bete zuten ere, azken denboretako aktualitate kargatuaz baliatuz artetik, nolabait hori baitzuen ere igurikatzen, dirudienez, horrat hurbildu jendeak.

Bertsolariek oihartzun egin zieten ere, Maddi Sarasua eta Joanes Etxebarria ziren aurten, eta agertu sujet desberdinen luzamena egin zuten, batean zirtzilen aldera, bestean berdin kontra, noiztenka hala merezi baitute ere.

Plazako besta bururatzeko, jauziak eman zituzten aritu nahi zuten guziek. Ondotik, Airetik salako bazkarian 200 bat lagun elkarretaratzen ziren, bestaren eta aroaren gozoa, bi solas trukatuz luzatzeko.

Besta kausitua oro har, jendearen eta gazteriaren parte hartze ederrarekin, aurtengo inauterien bukaera markatu duena, eta ondoko urteak beste hainbeste ekarriko duenaren esperantzarekin finitu duguna.