AEBetako presidentea nazioarteko prentsan agertuko da, beste behin ere. Kasu honetan, prentsaurreko batean CNN hedabideko kazetariek egindako galderei erantzun nahi ez izateagatik. Kazetariak galdetu dio ea zergatik ulertzen duen lasterketa bezala koronabirusaren krisia. Donald Trumpen erantzuna: “Galdeiozu hori Txinari”.
AEBetako presidenteak astero egiten duen prentsaurrekoan, herrialdeko datuak eman ostean, galderen txanda hasi du. CNNko kazetariaren txanda heltzean, honek galdera garbia egin dio: “AEBak munduan test gehien egiten dituen herrialdea dela diozu. Baina zergatik ematen diozu horrenbesteko garrantzia besteak baino hobeak izateari, egunero jendea hiltzen ari bada?”.
Jendea munduko leku guztietan hiltzen ari dela erantzun du Trumpek, eta galdera hori ez liokeela berari egin behar: “Beharbada Txinari galdetu beharko zenioke”, esan dio hazpegi asiarrak dituen kazetariari. Erantzun horrekin pasa dio txanda hurrengo kazetariari, baina aurreko kazetariak bere horretan jarraitu du. “Zergatik esan didazu niri, espreski, Txinari galdetzeko?”.
Donald Trumpek, orduan, hurrengo kazetariaren txanda ere salto egiteko imintzioa egin du. Baina kazetarien galderei ez erantzuteko hautua egin du azkenean, eta prentsaurrekoa amaitutzat eman du kazetarien galderak erantzun gabe.