argia.eus
INPRIMATU
Donald Trumpek AEBetako ateak itxi dizkie atzerritarrei, “biztanleria eta beren enpleguak babesteko”
  • Koronabirusa, Donald Trump eta kanpo-politika: koktela arriskutsua da. Astearte honetan, AEBetako presidenteak iragarri du immigranteei herrialdean sartzea galaraziko diela, koronabirusaz babesteko. Horrez gain, neurria estatubatuarren lanpostuak mantentzeko ere izan dela adierazi du. Momentuz ez du epe-mugarik iragarri.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 21
Donald Trumpek migratzaileei AEBtan sartzea debekatu die. Argazkia: El PaĆ­s.

Trumpek egindako iragarpena herrialdearen krisialdi gorenean heldu da. Gobernuak pandemiaren txarrena pasatu dela adierazi badu ere, datuen gorakadak ez du indarrik galdu. Dagoeneko 787.000 kutsatu daude herrialdean, eta 42.000 hildakotik gora. Horri ekonomiaren gainbehera gehitu behar zaio, izan ere AEB munduko liderra den sektoreak, petrolioarenak, behea jo du.

Koronabirusa kanpo-politikako eragile

Guzti horren aurrean, mugak ixtea erabaki du presidenteak, krisiaren kanpo-politikako enegarren erabakia hartuz. Otsailaren hasieran bi aste aurretik Txinan egondako jendeari sarrera debekatu zion; martxoan osasun publikoarekiko “arriskutsuak” izan zitezkeen atzerritarrei debekatu zien sarrera; eta Europatik joandako jendea izan zen hurrengoa.

Mexiko eta Kanadarekin beste hilabetez muga ixtea adostu du. Onartutako neurri berriei buruz ez du azalpenik eman. Dena den, Trumpen planaren atzean dabiltzanek The New York Times-en adierazitakoaren arabera, lanerako visak emateari utziko diote denboraldi batez. Horrez gain, Mexikoko mugan dauden migratzaileak herrialdetik kanporatzen jarraituko dutela gehitu dute.