AEBetako lehendakariak Mar-A-Lago-ko Floridako bere etxean hainbat agiri sekretu ofizial gorde zituen bere agintaldian eta hori dela eta zazpi delitu egozten dizkiote.
AEBetako Gobernuko Justizia Departamentuak izendatutako Jack Smith fiskal bereziak eman du Donal Trump berriz epaitegietara deitzeko urratsa, bere ikerketa amaitu ondoren eta Miamiko epaimahai batek aurretik hala onartuta.
Aipatutako agiriengatik zazpi delitu egozten dizkiote lehendakari ohiari. Bere garaian justiziak jakinarazi zion agiriok bere lekura itzuli behar zituela, baina Trumpek muzin egin zion deiari. Justizia Departamentuak ez ditu karguak zehaztu, baina haren abokatuek horietako hainbaten berri eman dute: justizia oztopatzea, konspirazioa, testigantza faltsuak ematea edo, besteak beste, segurtasun nazionaleko agiriak gordetzea.
Trumpek berak iragarri zuen txio baten bidez justiziak deitu zuela, eta bere aurkako sorgin ehiza salatu zuen, Joe Biden lehendakariaren aurka egitearekin batera: “Kutxen bideoarekin akusatu naute, baina Joe Bidenek 1.850 kutxa ditu Delawareko Unibertsitatean, kutxa gehiago Chinatown D. C.-n eta Pensilvaniako Unibertsitatean, eta bere Corvette-a gordetzen duen aparkalekuan dokumentu gehiago ditu denak lurrean barreiatuak”.
Orain arte 34 faltsukeria kargurekin inputatu dute Trump, ezagunena pornografian aritzen den Stormy Daniels aktorearen kasua, zeinarekin auzitegien aurrean egon zen iragan martxoan. AEBetako mandatari bat historian inputatzen zuten lehen aldia zen, baina beti ere Etxe Zuritik kanpoko garaietan egindako delituengatik.
Orain ordea, lehen aldia da AEBetako lehendakari bat lehendakari karguan egindako ustezko delituengatik eta salaketa federalekin inputatuko dutena. Une berezian datorkio justiziaren aurrean agertzeko deia, Alderdi Errepublikarrean hauteskunde primarioetan daudelako –2024an dira AEBetako lehendakaritzarako hauteskundeak– eta printzipioz, Trump bera delako primarioak irabazteko hautagai nagusia.