Donald Trump AEBetako presidentea Nobel saria irabazteko hautagaia dela baieztatu dute. Norvegiako parlamentuko bi diputatu kontserbadorek aurkeztu dute haren hautagaitza eta beste 303 lagunekin lehiatuko da Trump.
Ipar eta Hego Korearen arteko gatazkan egindako lanarengatik izendatu dutela azaldu dio Reuters albiste agentziari proposamenaren egileetako bat den Per-Willy Amundsen diputatuak –aurretik herrialdeko Justizia ministro ere izandakoa da–.
Trump sari horretarako hautagai izan zitekeen zurrumurruak denbora zeraman hedabideetan eta, zenbait iturrik espekulatu zuten Japoniako lehen ministro Shinzo Abek proposatu zuela.
Trump bakearen Nobel sarirako hautagai gisa proposatu duen beste diputatuak, Christian Tybring-Gjeddek, argitu du bi Koreen arteko desarmatze-akordioaren araberakoa izango dela, segur aski, Trumpek jaso dezakeen saria.
AEBetako presidenteek irabazi izan dituzte bakearen Nobel sariak aurretik, Jimmy Carterrek eta Barack Obamak adibidez. Azken horren kasuan, 2009an saria eskuratu ondoren, AEBen historiako aurrekontu militar handiena prestatu zuen.