argia.eus
INPRIMATU
DomusViren egoitza batean bizi zen 84 urteko egoiliarra artatu ez izana salatu dute senideek
  • Martxoaren 11n hil zen Donostiako Ospitalean eta txosten medikoarekin batera bere larruazaleko hainbat argazki bildu zituzten osasun langileek. DomusVi multinazionalak kudeatzen duen Donostiako Berra egoitzako emakumeak zauriak, ultzerak eta eskarak zituen gorputzean.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 24a
Argazkia: DomusVi.

Eldiario.es egunkariak eman du gertaera honen berri eta senide batekin hitz egin du. Senideak egunkariari adierazi dionez, emakumea ondoezik eraman zuten ospitalera, besteak beste aurrez zituen patologiek egoera zailduta eta hil egin zen. Osasun langileak orduan konturatu ziren egoiliarrak larruazalean zauri asko zituela eta haien harridura agertu zuten, jakinda egoitza batean bizi zela. Halako urradurak ohikoak dira mugitzeko gaitasun gutxi edo batere ez duten pertsonengan, arropen igurtziagatik. Azala lehor mantentzea eta behaketa jarraitua egitea ezinbestekoak dira.

Senideak adierazi du ospitalera eraman dutelako jakin dutela nola zegoen, egoitzan hil bazen ez zutela ezer jakingo. Larruazaleko medikuarengana zergatik ez zuten bideratu galdetzen du eta hilero 60 euro hidratatzaileak erosteko zergatik ordaintzen duten galdetu du.

Hautsi eta astebetera lepauztaia artatu ziotela ere esan du senideak. Egoitzak jakinarazi zion erori egin zela. Egoiliarra sorbaldako minez kexu zen, baina zazpi egun pasa arte ez zioten haustura atzeman.

Egunkariak jaso du DomusVik kanpoko komunikazio agentzia baten bidez idatzi duen txostena gertaera hau dela-eta. Larruazaleko zauriak ez ditu aipatzen eta familiaren kexen aurrean dio egoitzak zuzen jokatu zuela hasieratik. Hala ere, bere lankidetza eskaini du edozein motako ikerketa balego.

Gipuzkoako Senideak elkarteak oharra kaleratu du Eldiario.es egunkariak emandako albistearen harira: “Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu ahalik eta lasterren ikerketa hasteko eta erantzukizunak argitzeko, ez baita egoitza honetan gertatu den kasu bakarra”.

DomusVi multinazionalaren egoitzetan aurrekariak

Donostiako Berra da COVID-19aren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan heriotza gehienetakoa izan duen egoitza. Datu ofizialen arabera 20 hil dira eta osasun langile batek Legebiltzarraren aurrean eskainitako datuen arabera 35 bat hil dira.

Multinazionalak Villa Sacramento egoitza ere kudeatzen du. 2020ko abuztutik 2021eko martxoa bitartean senideei FFP2 musukoengatik kobratu zien hileroko kuotaz gaindi. Bestelako salaketa bat ere izan du multinazionalak: egotzi diote hileta zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin akordioa zuela egoitzetako erabiltzaileen artean bezeroak egiteko.