argia.eus
INPRIMATU
Dominique Amestoi, Lurzaindiaren lehendakaria: “Ez dugu aski sustengurik proietua aintzina eramaiteko”
  • Lurzaindiak, laborantzako lurraren zaintzeko eta baserritar gazte berriei nekazaritzarako lur eta instalazioak eskuratzen laguntzeko lanetan ari den elkarteak, batzar nagusia burutu du ekainaren 4an, Nafarroa Behereko Ainiza-Monjolosen. Laborari astekariari Dominique Amestoi lehendakariak laburbildu dizkio Lurzaindiak 2015an egin dituenak.  

Laborari 2016ko ekainaren 09a
Dominique Amestoi -bigarrena ezkerretik- Lurzaindiaren prentsaurreko batean. (Argazkia: Sud Ouest)

Lurzaindiaren beharra ez da ttipituz ari...

Euskal Herriko lurrak badu sekulan baino arrakasta gehiago, eta dirudunak hor dira prest hektara zonbaiten erosteko, ezin hurbilduzko prezioetan, laborantxaren eta Euskal Herritar ororen kaltetan. Horrek erran nahi du Lurzaindiaren larderia ez dela ezagutua, eta ere ez dugula gure proietuaren aintzina eramaiteko sustengurik aski, hala nola podere publikoetarik.

Halare egin da lan jaz...

Motibazionearen indarrez, 13 preempzione galde egin ditugu iragan urtean, prezioak apalarazi nahiz. Kasu batzutan ez dugu ardietsi, ainitz arrazoinen gatik. Ondorio onak ukan ditugu ere bestalde, prezioak azkarki berrikusiz. Iholdin ere bi afera ukan ditugu, bainan herri hortan ez dute Lurzaindiaren presentziarik nahi.

Kasu batean, etxe bat 10 hektara lurrekin preemptarazi dugu Safer-ari [Safer, Lurralde Antolamendurako eta Nekazariak Kokatzeko frantses erakundea] laborari gazte baten plantatzeko enpresa buru bat etxalde hunen erostekotan zelarik. Bainan gero Safer-ak nahiago izan du etxaldea bertze laborari haundi baten haunditzeko eman. Beste kasuan, etxetier laborarisa bat lagundu nahiz, Lurzaindiak 4 hektara lur erosi ditu. Bainan Herriko Etxeak eta auzoko laborari batek galdeginik, Safer-ak onartu du preempzionea gure kontra. Azpimarratzeko da eta damugarri Safer-a laborantxako lurraren zaintzen ari den egitura baten kontra jokatzea. Presuna famatu batek erran bezala “Holako adixkideekin, ez da etsai beharrik”. Dena den ainitz gertakarien ondotik laborarisak bere diru arazoak konpondu ditu eta lurra erosi.

Talde motibatua zireztela azpimarratu duzu...

Bai, horiek oro egin dira talde motibatu baten talendueri esker, joan den urtean azpimarratu nituen talde horren aberastasunak: motibazionea, elgarren arteko konplizitatea eta laneko nahikeria. Gu denentzat argi da lan bidea, denak lehendakari gira, denak diruzain gira, denak laborantxa lurraren zaintzale.