argia.eus
INPRIMATU
Euskal dantza baztertu du berriz Etxeparek
  • Aurten ere euskal dantza taldeei ukatu egin die Etxepare Institutuak nazioartean emanaldiak egiteko eskaintzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera. 2016ko maiatzaren 12an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Etxepare Institutuaren deialdia artea, musika eta dantza "euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntzak" emateko. Beste behin, dantzak du diru-laguntza txikiena eta gainera euskal dantza taldeak baztertzen ditu.

dantzan.eus 2016ko maiatzaren 12a
Argazkia: dantzan.eus-CC by sa

Dantza, ahizpa probrea

Deialdiak guztira 226.000 €-ko diru-laguntzak aurreikusten ditu 2016 urterako, baina horietatik 140.000 € (%61,9) musikarako dira, 53.000 € (%23,4) arte plastiko eta ikusizkoetarako, eta dantzarako da zati txikiena, zehazki 33.000 € (%14,6). 

Dantzako baldintza bereziak

Dantzarako diru gutxien aurreikusteaz gain beste sailetan (artea eta musika) ez dauden aparteko baldintza bereziak jasotzen ditu deialdiak. Adibidez: "Nahitaezkoa izango da profesional gisa aritzea dantzan". Eskakizun hau ez da ageri ez musikan ez artean. Dantzan baldintza hau jartzeak helburu argi bat dauka: euskal dantza taldeak deialditik kanpo uztea. Eta zalantzarik bazegoen honi buruz, horra beste puntu hau:

"Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:

a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.

b) Guztira 15 partaide baino gehiago dituzteen taldek egindako biretarako.

c) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako

d) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako."

Euskal dantza baztertzea helburu

Baldintza horiek helburu jakina dute: euskal dantza taldeak deialditik kanpo uztea. Musika eta Artean edozein motatako proposamenak aurkez daitezke. Atzerrian emanaldiak hitzartuta izatea da baldintza bakarra. Dantzan, Etxeparek ez du diru-laguntzarik eman nahi euskal dantza taldeen atzerrian egiten dituzten emanaldiei laguntzeko eta horregatik jarrita ditu baldintza horiek deialdian.

Informazioa: Arte plastiko eta ikusizkoak, musika eta dantza 2016. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntzak emateko prozedura (EHAA)

Albiste hau dantzan.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra