argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen aurreskua aterako dute Santurtzin 1921koa gogoan
  • 1921ean Santurtzin emakumeek dantzatu zuten soka-dantzaren erakoa dantzatuko dute berriro irailaren 30ean. Film batean jasota daude, mende hasieran, herriko traineruak irabazi zuen estropada zela eta dantzatu zuten soka-dantzako irudiak. Andoni Floresek, Santurtziko Mendi Alde dantza taldeko kideak, azaldu digu film horretako imajinetan oinarritu direla dantza osatzeko. Pauso berri batzuk sartu dituzte, baina egitura tradizionalean oinarritutako soka-dantza egingo dutela dio.

dantzan.eus 2017ko irailaren 26a

Biarritzeko Soka erakusketan izan zuten soka-dantzaren berri, han ikusi zituzten irudiak lehenengo aldiz. Orduan sortu zitzaien berriro dantzatzeko ideia eta bi urteren ondoren, irailaren 30ean, arratsaldeko 19:00etan dantzatuko dute. Santurtzin sardineren eguna ospatzen da 30ean eta ekitaldi nagusia soka-dantza izango da.

Sokan, Mendi Alde dantza taldeko neskekin batera, 1921ean dantzatu zuten emakume batzuen familiartekoak irtengo dira. Parte hartuko duten gizonezkoak, berriz, Santurtziko Sotera traineruko arraunlariak izango dira. Arrauneko kategoria nagusira igo berri direnez, ospakizun egun biribila izango da.

Musika kontuetarako Jon Gaminderekin jarri dira harremanetan. Bera izan da soka-dantzarentzako doinuak prestatzeaz arduratu dena; izan ere, soka-dantzaren irudiak agertzen diren filma mutua da. Egunean bertan ere, Gaminde arituko da musikari.

Albiste hau dantzan.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra