Hamalaugarrenez ospatuko da Hatortxurock jaialdia ostiral eta larunbatean Atarrabia eta Burlata arteko Entrecementerios eremuan. Besteak beste, Zea Mays, Bongo Botrako, Bad Sound Sistem, Doctor Deseo eta Gatillazo ikusteko sarrerak salgai daude jada.
“Hator hator neska mutil etxera” lemapean hasi zuen 1999an ibilaldia Hatortxurock musika jaialdiak. 700dik gora euskal preso politikoei elkartasuna adieraztea da jaialdiaren asmoa eta herritarrei “gogoraraztea” zein egoeratan dauden: “Senideengandik inoiz baino urrutiago daude eta horrek dakartzan arriskua eta gastua ikaragarrizkoak dira", diote antolatzaileek. "Gaixo dauden presoak kaleratzeko oztopoak jartzen dituzte eta zigorra bete dutenei askatasuna ukatzen diete”. Uste dute “ezinbestekoa” dela Hatortxurrok bezalako jaialdi bat antolatzea.
Iaz bezala, aurten ere bi eguneko egitaraua izango da. Ostiraleko bonoak 12 euro balio ditu (leihatilan 15) eta larunbatekoak 20 (leihatilan 24). Bi eguneko bonoak, berriz, 25 euro. Internetez erosteko aukera eman dute eta saltzen dituzten hainbat tabernen zerrenda ipini dute webgunean.
Ostirala: Keu Agirretxea, Doctor Deseo, Selekta Stepi & Kenitra Bad Sound Sistem
Larunbata: Nekez, Zea Mays, Deskontrol, Canteca de Macao, Habeas Corpus, Bongo Botrako, Koma, Gatillazo, El Drogas eta Tximeleta.