argia.eus
INPRIMATU
Doan lan egiteko jendea nahi du 4 milioi euro publiko jaso dituen Gasteizko ‘Final Four’eko antolatzaileak
  • Maiatzaren 17, 18 eta 19an antolatuko dute Europako saskibaloi txapelketaren finala Gasteizen. Antolakuntzak jakinarazi duenez, egun horietan 170 lagun behar dituzte "boluntario" lan egiteko. Ez dute bidaiarik, ostaturik eta diru-saririk jasoko trukean. Hala Bedik jaso duenez, Arabako Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren artean, 4 milioi euro eman diote Euroligari Lauko Finala antolatzeko.

Axier Lopez @axierL 2019ko urtarrilaren 04a
Argazkia: Irekia

"Komunikazioan, konpetizioetan, ekitaldien antolakuntzan, zaleentzako zerbitzuetan edota marketing arloetan eskarmentua lortzeko aukera ona izan liteke". Halaxe dio Euroligak sareratutako oharrak. Gasteizko Lauko Finala lehiaketa pribatua antolatzeko 170 "boluntario" behar dituztela iragarri dute. Hiru eguneko lan horiek egitearen truke antolakuntzak azken bi egunetako otorduak baino ez dizkiei emango langileei. Diru-saririk ez, ezta Gasteizera heltzeko garraioa eta han lo egiteko lekurik eskaini edo ordaindu ere.

"Boluntario" izateko Euroligaren webgunean formulario bat bete eta Skype bidez elkarrizketa bat egin beharko dute. Gaztelania maila baloratuko dute, eta zenbait kasutan ingelesa beharrezkoa izango da.

Lau milioi euro publiko

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Europako saskibaloi ekitaldi nagusiak 50 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izan nahi du. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu du Lauko Finalak aukera berri bat eskaintzen duela "munduari Euskadiren irudi berria" proiektatzeko. “Azken urteotan lortu dugu gure mugetatik kanpo Euskadiren irudia  herrialde moderno, aurreratu, bateratu eta kulturarekin eta kirolarekin interesatu batekin lotzea, 2019ko Lauko FInala antolatzeko erronka hau bezala", adierazi du.

Arabako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 3 milio euro eman diete antolatzaileei txapelketa antolatzeko, eta Gasteizko Udalak eta Baskonia saskibaloi taldeak milioi bana. Diru laguntza eta bultzada publiko handia izanik ere, antolatzaileak doan lan egiteko prest dauden pertsonen bila ari dira. Egin beharko dituzten lanetako batzuk ondokoak dira: kazetariak laguntzea, fotokopiak banatzea, garraio lanak, sarbideetan ikusleei laguntza ematea, akreditazioetan laguntza, kamisetak, txapelak eta askotariko matelariala saltzea, eta abar luze bat. Ondorengo dokumentuan dago "boluntarioek" egin beharko dituzte lan guztien azalpena: www.euroleague.net/rs/9awtkpivo7clx4qf/84bd1f8d-134d-42a0-a8ee-cd688d29aaa2/d2a/filename/functions.pdf