argia.eus
INPRIMATU
Doakotasuna, Hezkuntza Legea, ofizialtasuna edo arlo digitala arretagune Euskararen Egunean
  • Gaitu kanpainarekin bat egiteko deialdia egin du lehendakari Iñigo Urkulluk, ahots gehiago badaude "material zabalagoa" izango delako sarean. Bestalde, EH Bildu eta EH Baik adierazi dute Hezkuntza Legean hizkuntza politika mantentzen bada “galdu” egingo dugula euskararen normalizazioan “urrats” berri bat egiteko aukera. Kontseiluak "doakotasuna eta baliabideak" eskatu ditu ezagutzaren unibertsalizazioa helburu, eta mobilizazioak eta ekintzak ere izan dira.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 04a
Argazkia: @EHEbizi

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Egunarekin batera, ekitaldia egin dute Donostiako Tabakaleran. Aurtengoan Lakuak erdigunean ipini du euskararen erabilera eremu digitalean handiagotzeko erronka, eta Kultura eta Hizkuntz Politika Sailaren Gaitu kanpainarekin bat egiteko deialdia egin du. Kanpainak euskal hiztunei eskatzen die beren ahotsak grabatu eta gaitu.eus webgunean argitaratzeko. EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk ekimenarekin bat egiteko deialdia zabaldu du, “zenbat eta ahots gehiago, orduan eta zabalagoa” izango baita materiala.

Lehendakari Iñigo Urkulluk gidatuta, saioan hainbat sailburu izan dira: Bigen Zupiria, Olatz Garamendi, Arantxa Tapia, Jokin Bildarratz, Gotzone Sagardui eta Nerea Melgosa. Halaber, Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Donostiako alkate Eneko Goia, Euskalgintzako hainbat ordezkari eta EH Bilduko kideak ere izan dira bertan, besteak beste.

Urkulluk adierazi du euskarak eremu digitalean “bere tokia” behar duela: “Beste hizkuntzen artean bizi dadin eta aurrera egin dezan. Erronka berria da, bizi dugun garaiari dagokiona. Horretan ere aurrera goaz”. Lakuaren Adierazpen Instituzionalak Urkulluren adierazpena berretsi du, eta azpimarratu du tresneria digitalari euskaraz lan egiten erakustearen beharra.

Hezkuntza Legeari kritika

EH Bilduk eta EH Baik Euskararen Egunean kaleratutako manifestu bateratuan, nabarmendu dute euskararen bost egoera legal ezberdinek normalizazioa zailtzen dutela, Naizek jaso duenez: “Babesgabetasun horrek Frantziako eta Espainiako Estatuen esku hartzeari eta euskararen kontrako oldarraldiari bide ematen die”. Adierazi dute euskararen ezagutzari dagokionez aurrera egin den arren estatus ofiziala duten eremu geografikoetan, beste arlo batzuetan aurrerapenik ez dagoela.

EH Bildu eta EH Bai kezkatuta agertu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean hizkuntza politika mantentzeko erabakiarekin: “Lege hori onartzen bada, euskararen normalizazioan urrats berri bat egiteko aukera galduko dugu”.

Hainbat aldarri sozial

Kontseiluak egunarekin bat egin du, eta azpimarratu du euskararen unibertsalizaziorako “doakotasuna eta baliabideak” ezinbestekoak direla.

GEU elkarteak egun osoko programazioa egin du. Ikuskizunak eta kalejirak antolatu dituzte elkarteko kideek, eta 19:15ean Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan euskararen argien piztea egin dute, jendetza bilduta.

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak, berriz, Iruñean Euskararen Errepublika aldarrikatu du, eta Konstituzio Plazaren kartelaren gainean Euskararen Errepublikaren plaza esaten duen kartela jarri dute.

Tuteran ere elkarretaratzea egin dute Tuteran Euskaraz taldeko kideek, Euskara ofiziala Nafarroa osoan lelopean.