argia.eus
INPRIMATU
“Doako eskulana” baliatzen dituzten hitzarmenak bertan behera uzteko eskatu du Podemosek
Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko urtarrilaren 08a

Gasteizko Podemos udal taldeak "doako eskulana" sustatzen duten ospakizun handien hitzarmenak bertan behera uzteko eskatuko du Gasteizko Udalaren Sustapen Ekonomikoaren batzordean, urtarrilaren 8an. "Ez gaude berez boluntariozko lanaren kontra, baina bai enpresa handiek etekin ekonomikoen tartea handitzeko helburuarekin egiten duten lan horren erabileraren kontra, baita administrazio publikoak konplizeak bihurtzearen aurka ere".

Euroligako Lauko Finalak lan profesionala egiteko 170 boluntario bilatzeko abiatu duen prozesuak piztu du polemika hirian. Izan ere, Podemos udal taldeko bozeramaile Jorge Hinojalek azaldu duenez "pertsona ospetsuak iritsiko dira hurrengo egunetan hirira, eta hiru egun horietan, bederatzi orduz, harrera egingo dieten eta haien ardura izango duten lagunek duro bat ere ez dute kobratuko". Hinojalen iritziz, lan profesional hori ezin da doakoa izan.

Horregatik, hurrengo ekitaldi handien aurrean Udalaren jarrera "arduratsuagoa" galdegingo du urtarrilaren 8an Podemosko eledunak Sustapen ekonomikorako udal batzordean, eta hitzarmenak sinatzeko orduan abusuzko egoerak gelditzea. "Horrelako txapelketen sustatzaileek esan dezakete hau dela dagoena eta onartzen ez badugu alde egingo dutela, baina ezin dugu gehiegikerietan parte hartu". Udal gobernuaren erantzunaren arabera, Podemos taldeak aztertuko du hurrengo egunetan eskaera berdina aurkezten duen Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu baitute Lauko Finala.

Albiste hau Arabako Alea-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.