argia.eus
INPRIMATU
Dizebi artistaren “Kapital” lana ezabatu du Donostiako Udalak beste mural batekin
  • Igor Rezola Dizebi grafitigileak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren enkarguz egin zuen lana ezabatzea erabaki du Donostiako Udalak. "Kapitalismoa borrokatu" idatzi zuen Itsasondoko artistak, eta ondoren, "ismoa borrokatu" estali zuen horman "kapital" hitza utziz. Zenbait urteren ostean, Donostia Kulturak erabaki du gainean beste mural bat eginez desagerraraztea mezu deserosoa. Horretarako, Udane Juaristi Udatxo-ri enkargatu diote mural berria eta honek Gladys izeneko horma irudia egin du.

IƱaki Agirre @ikiagirre 2022ko urriaren 14a

Kaleko pintadak eta bestelako adierazpen mota “marjinalak” aldarrikatzen zituen Dizebi artista itsasondoarraren obra performatibo bat estali berri du Donostiako Udalak. Gainera, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzako ‘Hormek diote’ programarako egin zuen artelana, Urumea ibaiaren alboko igogailuaren horman. Artikulu honetan jasota dago, nola Dizebik ezustean harrapatu zituen Kultur Hiriburutzako antolatzaileak lan horrekin. Donostia Kulturako arduradunek ez dute arazorik izan Kultur Hiriburutzak berak enkargatutako lan bat ezabatzeko.

Esprai beltz batekin, mural ederrak egiteagatik ezaguna zen Dizebiri dorre hori margotzeko enkargua eman zioten eta berak “Kapitalismoa borrokatu” leloa idatzi zuen. Ondoren, idatzitako esaldi hori ezabatu eta soilik “Kapital” hitza utzi zuen bistan. Artistak hitz hauekin azaldu zuen bere intentzioa, bideo honetan:

“Horrelako proposamen politiko edo sozialak, kale espresioaren parte direnak, ezabatzeko joera dago; horregatik, kalearen parte diren espresio horiek erreskatatu nahi izan ditut: pintadak eta partxeak. Marjinalagoak diren espresio horiek zentrora ekarri nahi izan ditut, eta kapitalitateko mural baten mailan jarri”.

Eta ezustean, Europako Hiriburutzarako, “Kapitalismoa borrokatu” pintada egin zuen Dizebi artistak.
Sei urteren ondoren, ezabatua

Udalak, grafitigilearen lan hori desagerrarazteko erabakia hartu du orain, Udatxo artista azkoitiarrak Donostia Apain programaren bitartez egin duen mural erraldoi eta koloretsu batekin. Irutxuloko Hitzako erreportaje honetan azaldu du Udatxok eginiko lana.

Kultur Hiriburutzako obra aurkeztu zuenean, Dizebik berak azaldu zuen mural ikusgarriak margotzearen alde ere badagoela, baina horma horretan bilatzen zuenak bestelako helburu bat zuela zehaztu zuen: “Mural dotoreak egin daitezke, teknika handikoak eta abar, baina uste dut badirela beste adierazpen mota batzuk gure egunerokotasunean inguratzen gaituztenak, agian hainbesteko baliorik jasotzen ez dutenak, eta bere garrantzia dutenak”.

Kaleko adierazpenak ezabatzeko joera

Grafitilari goierritarraren arabera, Donostia bezalako hiriburuetan “ohikoena” da grafitiak eta bestelako pintaketak “periferiara” mugatuak egotea, haren ustez, hirietako erdiguneetan “kaleko adierazpenak ezabatzeko joera” bat dagoelako. Zentzu horretan, bere obrarekin gertatuko zena profetizatuko balu bezala, erakunde publikoen eskutik eta legearen barruan egiten diren artelan asko “benetako grafitia edo benetako espresio mota horiek kaleetatik ezabatzeko” erabiltzen direla salatu zuen.