argia.eus
INPRIMATU
Dispertsioaren aurka 59 udalek onartutako akordioa aurkeztu du Sarek Gasteizko legebiltzarrean
  • Hego Euskal Herriko 59 udalek euskal presoen urrunketaren aurkako mozioak onartu dituztela jakinarazi dio Sarek Gasteizko legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordeari asteazkenean. Sare Herritarrak ziklo instituzional bat itxitzat eman du bildutako babesekin, eta sakabanaketarekin amaitzeko urrats berriak eskatu ditu.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 13a
Sareko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean, Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean hitza hartu aurretik. Argazkia: @sare_herritarra.

Oihana Mujika eta Joseba Azkarraga Sareko kideak Gasteizko legebiltzarrean izan dira asteazkenean. Iragan ekainean Hego Euskal Herriko udalei begira abiatutako ekimenaren emaitzak jakinarazi dizkiete Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordeko kideei. 59 dira gaur gaurkoz sakabanaketaren aurka Sarek aurkeztutako mozioa onartu duten udalak. Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbokoak tartean.

Joseba Azkarragak adierazi duenez, agerraldiarekin Sarek ziklo instituzional bat itxitzat ematen du. Aipaturiko udalez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusiek eta Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrek ere adierazi dute haien posizioa hilabeteotan. Azkarragaren esanetan, euskal jendartearen gehiengo nabarmenak sakabanaketaren aurkako jarrera agertu du. Jarrera hori urrats berriak emateko akuilu izan beharko lukeela uste du, sakabanaketak "pertsonen eta haien senideen eskubideak larriki urratzen" baititu.

"Aita bai, kotxea ez"

Oihana Mujikak sakabanaketak senideei eta bereziki presoen seme-alabei ekartzen dizkien sufrimendua azaldu die Batzordeko kideei: "Azaldu nahi dizuet gure haurrak bi urte eta erdi zituela oso argi esan zuena, bidaia baten aurretik kotxean sartu eta bere aulkian lotzerakoan: 'Aita bai, kotxea ez'". Sakabanaketak bere bizitza ere guztiz baldintzatu duela azaldu du Mujikak: "Aisialdirako eta atsedenerako izango ziren ordu asko eta asko nire bikotekidea bisitatu ahal izateko bidaietan ematen ditut". 104 haur eta nerabek dute egun gurasoren bat espetxeratua.

Poltsa bete kantu Donostiako Dokan

Sarek Poltsa bete kantu ekimena antolatu du asteazken honetarako, Donostiako Antigua auzoko Doka antzokian. Emakume presoek emakume izateagatik pairatzen dituzten sufrimendu areagotuak ikusaraztea da ekimenaren helburua: "Emakumea izatea bizitza arruntean berez zaila bada ere, are gehiago gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean eta muturreko egoera batean; espetxean". Oholtza gainean hainbat musika taldetako kideak izango dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Besteak beste, McOnak taldeko Irati Irizar, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeko Koldo Soret edo Koban.