argia.eus
INPRIMATU
Presoen sakabanaketarekin bukatzeko giltza herritarren esku ere badago
  • 140 lagun elkartu dira ostegun arratsean Barañainen, Karmele Solaguren zenaren omenezko Karmele Gogoan plataformak antolatutako Dispertsioa: Hitz egin, entzun, konpondu mahai-ingurua entzutera.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 21
140 lagun inguru bildu zituen mahai-inguruak (Argazkia: Karmele gogoan)

Gloria Rekarte Etxerateko kidea, Aitor Merino aktore eta Asier eta biok dokumentalaren egilea, Ikerne Indakoetxea preso ohi barañaindarra, Koldo Amezketa EH Bilduko kidea eta Jorge Senosiain, Ahal Duguko kidea izan ziren hizlariak.

Hainbat iritzi plazaratu zituzten mahaiaren bueltan. Rekartek, adibidez, hedabide batzuek gaia isilarazten dutela salatu zuen: "Dispertsioa salatzerakoan hedabideek boikota egiten digute, eta kriminalizatu".

Merinok dispertsioaren inguruko testigantzen indarra nabarmendu zuen, "hunkigarriak dira" bere ustetan eta horregatik "lau haizetara zabaldu behar ditugu".

Nola amaitu sakabanaketarekin?

"Giltza guk dugu", esan zuen Indakoetxeak mahai-inguruko momentu batean. "Presoen salaketak gure egin behar ditugu". Mahai ingurua antolatu duen plataformari izena ematen dion Karmele Solagurenekin ere akordatu zen: "Karmele hil zen eguna [auto istripuan hil zen, preso zegoen semea bisitatzera zioala] oso gogoan daukat".

Koldo Amezketa, EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez "dispertsioaren arazoa gizarteratzen jarraitu behar dugu. Normalizazio politikorako lagungarria izango da". Presoak euren senideengandik urrutiratzearen kalteez duen iritzia ere eman zuen: "Dispertsioak sufrimendua areagotzea du helburu, baita senitartekoena ere".

Jorge Senosiain, Podemos-Ahal Dugu alderdiko kideak ere argi hitz egin zuen aferaz: "Dispertsioaren aurka gaude. Alde dagoena psikopata da".