argia.eus
INPRIMATU
Dispertsio politikaren 25. urteurrenean, eskubide urraketa salatu dute Etxeratek eta Amaiurrek
  • 1989an jarri zen martxan euskal presoen gaineko dispertsio politika. Data hura gogoan, Etxerat taldeak elkarretaratzeak deitu ditu gaur Hego Euskal Herrian Espainiako Gobernuak dituen ordezkaritzen aurrean, 12:00etan.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 15
Presoen senideek geldialdia egin ohi duten gasolindegi batean eman du prentsaurrekoa Etxeratek (Argazkia: Ahotsa.info)

“Dispertsioak ez du sekula zilegitasunik izan, eta gaur egun ez du justifikaziorik”, adierazi du elkarteak, hainbat datu ematearekin batera.

Esaterako, 25 urtean presoak bisitatzera joan diren 16 senide eta lagun hil dira errepidean; azken 12 hilabeteetan 3 preso hil dira; eta larri gaixo diren 12 presok ez dute oraindik osasun arreta egokirik jaso.

Horrez gain, ondorio ekonomikoak ere baditu dispertsio politikak. Etxeratek emandako datuen arabera, presoen senide bakoitzak 378 euro gastatzen du astean, 1.638 hilean, eta 19.653 urtean.  Uneotan, lau presok baino ez dute betetzen zigorra Euskal Herrian.

Alde biko zigorra

Dispertsio politika duela 25 urte hasi zen aplikatzen modu “orokor, sistematiko eta kolektiboan”, Etxeraten hitzetan. Eskubide urraketa bi zentzutan ematen dela dio: presoak zigortzen dituzte batetik, senide eta lagunak bestetik.

“Senideak garelako zigortzen gaituzte”, adierazi du elkarteko bozeramaile Urtzi Errazkinek. “Zigorrek ondorioak dituzte fisikoki, psikologikoki, sozialki baita familia esparruan ere; ahaztu gabe kostu ekonomikoa eta bidean hildakoak. Batez beste 1.500 kilometro egin behar ditugu astebururo”.

Zentzu horretan, Amaiur koalizioko Rafa Larreina diputatuak ere dispertsio politikak “giza eskubideen aurka” egiten duela salatu du, baita senideak zigortzen dituela ere. “Birgizarteratzea xede duen legearen izaeraren kontra doa”, adierazi du, Espainiako Barne ministro Jorge Fernández Díazen hitzei erantzunez –dispertsioak ETA desegin arte iraungo duela esan du, besteak beste–.

“Esan zuten helburua zela ETAk bere presoak ez kontrolatzea. Bada, dispertsio politikak porrot egin du, kontrol hori oraindik ematen dela esaten ari baitira. Porrot hori baino garrantzitsuagoa da, dena den, sortu duen sufrimendua”, gaineratu du Larreinak. Halaber, tortura salaketei kasu egin eta zorrotzago ikertzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Dispertsioaren datuak, Ahotsa.info webgunetik hartuak:

- 491 euskal preso daude 77 espetxetan sakabanatuta.

- 372 preso Espainiako Estatuko kartzeletan daude.

- 104 preso daude Frantziako Estatuan.

- 4 preso daude Euskal Herrian.

- Preso bana dago Ingalaterran, Portugalen eta Irlanda Iparraldean.

- 8 presori zigorra arindu diete gaixotasun larri eta sendaezinak dituztelako.