Askapeña konpartsa legez kanpo uzteko eskaera salatzeko prentsaurrekoa egin dute ostegunean Bilbon. Bertan, aipatutako Konpartsaz gain, Bilboko Konpartsak, Gora Iruñea, Iruñeko Peñen Federazioa, Donostiako Piratak eta Gasteizko Txosnetako kideak izan dira. Lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Askapenaren ilegalizazio eskaerarekin batera egin zuen fiskaltzak Bilboko konpartsa honen disoluzio eskaera.
"Askapeña konpartsaren desegitea eskatzen duen autoak ez du inongo arrazoi edo zergatirik agertzen eskaera azaltzeko, beste hainbestetan ezagutu izan dugun eraikuntza judiziala baino ez; Egin, Egunkaria, AEK, Udalbiltza, Joxemi Zumalabe eta abar kriminalizatu eta ehorzteko erabili izan duen eraikuntza judiziala baino ez, denborarekin izan dituzten absoluzio epaiek muntaia huts bezala agerrarazi duten berbera".
"Konpartsa irekia gara, zabala eta gardena", esan dute agerraldian, jai eredu "aske, alegera eta herrikoia" bultzatzeko lan egiten dutela, eta eredu horretan "bidezko aldarrikapen guztiek" dutela lekua "feminismoak zein ekologismoak, autogestioak, edo elkartasunak eta, noski, internazionalismoak". Adierazi dutenez, konpartsakideei egotzi dakiekeen delitu bakarra internazionalistak izatea da, "Bilboko herritarrei, jaien bitartez, gure herriaren senide diren herrien errealitate eta borrokak ezagutaraziz".
Jai ereduaren aurkako erasotzat jo dute
Prozesu honen atzean ez dago Askapeña konpartsaren aurkako erasoa bakarrik, Bilboko Konpartsen eta Euskal Herriko jai eredu herrikoien aurka ere ari direla nabarmendu dute. "Ez da jaiak bizitzeko gure eredu alternatibo honek jasan izan duen lehenengo erasoa, bai ordea larriena, bere garrantziagatik; ez da zigorraldi edo etenaldi bat: behin betiko desagerrarazi nahi gaituzte".
Bilboko Konpartsetako kideek garrantzia eman diote Askapeñak azken 24 urteotan egindako lanari, baita babesa eman ere, ironia ukitua izan duen prentsaurrekoan. "Jai herrikoiak eta parte hartzaileak aurrera eramaten aritu dira, eta jarduera arriskutsu horretan dihardute".
Espainiako Auzitegi Nazionalak "jaiak kriminalizatu" nahi dituela uste dute konpartsek ere, eta beren ustez zentzugabea da 2015ean horrelakoak gertatzea. "Denboraren Ministerioa sor dezatela. Egungoa ez den garaian harrapatuta daudenez, behintzat ofizial egin dezatela" .
Jazarpenak jazarpen, konpartsek jai herrikoien ereduaren arrakasta azpimarratu dute, eta hauek ezin direla legez kanpo utzi.