Disney Plus plataformako edukiak euskaratzeko kanpaina abiatu du guraso eta euskaltzale talde batek. 2020ko martxoan iritsi zen plataforma Hego Euskal Herrira eta gaztelania da hizkuntza nagusia. Katalunian herritarrek eta Generalitateak egindako gestioei esker, baina, haien hizkuntzan egotea lortu zuten.
“Euskal hiztun garen ikusleok berriro ikusi ditugu gure hizkuntza eskubideak urratuta, izan ere, Disneyk aukeratu du konpainiaren filmen bertsio digitalek ere, zinemakoen moduan, euskal bertsiorik ez izatea”, irakur daiteke guraso eta euskaltzale talde batek martxan jarritako sinadura-bilketaren azalpenetan. Lerro hauek idazten ari garen momentuan 2.100 sinadura baino gehiago bildu ditu eskariak.
Ekimenaren bultzatzaileen ustez, “eskubide kontua” da Disney Plusek bere edukiak euskaraz ere eskaintzea eta uste dute “EAEko ekoiztetxeei haurrei zuzenduriko marrazki bizidunen zinema estreinaldiak euskaraz izatea eskatzen zaien bezala, kanpoko enpresei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekela”.
Eskaria ez dago multinazional estatubatuarrari bakarrik zuzendua: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Elkargoa ere aipatu dituzte. Erakunde publiko hauei galdegin diete Disneyrekin harremanetan jar daitezela “haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen”.
Antzeko eskari batek eta Kataluniako Generalitateak egindako gestioek lortu zuten plataformak katalanezko eskaintza ere gehitzea, nahiz eta aurtengo urrian zenbait hedabide kataluniarrek nabarmendu zuten moduan, pelikula bakoitzaren aukeretan bakarrik agertzen zen eta ez plataformaren menu nagusian.