argia.eus
INPRIMATU
Disney + euskaraz ekimena Eusko Legebiltzarrera eraman dute
  • Guraso eta euskaltzale talde batek Disney + plataforma euskaraz egoteko eskaera Gasteizko Legebiltzarrera eraman dute. Plataforma digitaletako edukietan euskara ia desagertzear dagoela adierazi dute eta irtenbide ezberdinak proposatu dituzte. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 11
Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Joan den abenduan guraso eta euskaltzale talde batek online sinadura bilketa abiatu zuen, Disney + streaming bidezko plataforma euskaraz egoteko eskatuz. Bi hilabetetan 5.500 sinadura baino gehiago jaso dituzte eta asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarrera eraman dute eskaera: "Ez dezagun tren hau betiko galdu, arazoari irtenbide bat eman diezaiogun".

Hiru bide ezberdin proposatu dituzte. Lehena, euskal erakundeak Disneyrekin harremanetan jartzea da, eskaera soziala azalduz akordio bat lortzeko. 2013an katalanek sinadura bilketa bidez lortu zuten akordioa eta estreinaldiak katalanez ere eskaintzen dira orain.

Euskal hiztunen eskubideak lege propioz arautzea da bigarren bidea. "Milioi bat euskal hiztun bagaude eta gure parekoek, islandiera edo estoniera, badituzte eskubideak aitortuak. Bereziki haurren hizkuntza eskubideak bermatu behar dira".

Hirugarren bideak Madrilen tramitatzen ari den ikus-entzunezko lege orokor berriarekin zerikusia dauka: "Direktibak dio plataforma digitalen %30a Europako estatuetan Europako proiektuei eskaini behar zaiela. Espainiako lege zirriborroak dio estatuko ekoizpenei zuzendu behar zaiela %15a. Guri dagokigu bermatzea zati bat euskarazkoei ematea. Erdia gaztelaniaz eta beste erdia euskaraz, katalanez edo galegoz izan dadila".

Euskara erabat diluitu da

Euskaldunen %47ak plataforma digitalak kontsumitzen dituela azaldu du euskaltzale taldeak. Baina euskarazko eduki oso gutxi dagoela gehitu du: Netflixeko edukien %0,03 dago euskaraz, Amazonen %0,005 eta HBOn eta Disney +-en ez dago ezer.

80ko eta 90eko hamarkadetan ikus-entzunezko eskaintza mugatua zen eta ETB1en eskaintzen zituzten euskarazko marrazkiak erreferente ziren haurrentzat: ‘Arturo Erregea’, ‘Dragoi Bola’, ‘Doraemon’… Gaur egun, ordea, makina bat aukera daude, eta "euskara erabat diluitu da, ia-ia desagertzeraino".

Egoeraren larritasuna azpimarratu dute, aisialdia haurren hizkuntza ohiturak eraikitzeko oso garrantzitsua delako. Kanpaina hau, behar zabalago baten adierazle da eta euskarazko etorkizun bati erantzuteko erronkan kokatzen dela adierazi dute, hau da, zinemetan, bikoizketaren industrian eta aisialdiko eremu guztietan.