argia.eus
INPRIMATU
Dislexia, sarritan antzematen ez den zailtasuna eta eskola-porrota eragin dezakeena
  • Irakurtzen eta idazten ikasteko prozesuan traba handia da dislexia, eta hainbat ikerketaren arabera hamar haurretik batek sufritzen du, baina maiz ez da detektatzen, eta ondorioak ditu frustrazioan, autoestimuan eta ikas-ibilbidean. “Tuntuna eta despistatua nintzela uste nuen”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urriaren 08a
Hitz baten bukaera hurrengoaren hasierarekin elkartuko du adibidez (“txakurra katuarekin” irakurri ordez “txaku rraka tuarekin” irakurri dezake). Freepik

Urriaren 8a dislexiaren nazioarteko eguna dela-eta, nahasmendu neurobiologiko honen inguruko artikuluak ikusi ditugu han-hemenka. Irakurtzen ikasten hasi eta hizki eta hitzak dekodifikatzeko traba handiak aurkituko ditu haurrak, baina adituek ere oharra egin dute: hasieran hizkiak alderantziz idaztea, hizkiak nahastea… ohikoa izan daiteke, beraz, ez egin diagnostiko presazko eta arinik, 7 urte bete arte ez da gomendatzen diagnostikoa egitea.

Silaba alderantziz irakurtzen du?

Adinean aurrera egin eta asko kostatzen bazaio irakurtzea, oso geldo irakurtzen badu, irakurtzen ari dena ulertzea asko kostatzen bazaio (nahikoa lan duelako hizki eta hitzak dekodifikatzen)… dislexia izan dezake. Dislexia duen pertsonak, adibidez, sekulako zailtasunak ditu hizkiak memorizatzeko, hizkien soinuak memorizatzeko, edo bananduta hizkiak identifikatzen ditu baina hitz baten barruan ez (irakurtzen hasi eta hizkiak nahasten ditu, hizkiak jaten ditu, hizkien soinuak nahasten ditu…). Batzuetan, irakurtzen duena asmatzen du (azkar irakurri nahi eta hitz luze batean, adibidez, bukaera asma dezake); irakurtzerakoan maiz gelditzen da eta oso geldo egiten du, asko kostatzen zaiolako; ez ditu hitzak bere horretan irakurtzen, alegia, hitz baten bukaera hurrengoaren hasierarekin elkartuko du adibidez (“txakurra katuarekin” irakurri ordez “txaku rraka tuarekin” irakurri dezake); azkar irakurtzeko presiopean hizkiak jan eta existitzen ez diren hitzak esan ditzake; silaba alderantziz irakurriko du beharbada (“astoa” beharrean, “satoa”)… Idazterakoan ere, zailtasunak izango ditu dislexia duenak, ildo bertsuan.

Ondorioa da frustrazioa, angustia, hainbeste ahalegindu eta ezinean ibiltzearen emaitza. Jakina, horrek guztiak autoestimuan eragin dezake, eta horregatik da inportantea, adituen arabera, hori guztia lantzea, pazientziaz, eta haurrari bere buruan segurtasuna ematea. Dislexia dutenentzako material egokitua erabiltzeaz gain, hezkuntza-estrategia egokituak erabiltzea ere garrantzitsua dela diote.

Material egokitu horren barruan, Dytective erreminta sortu duen emakumeak berak, Luz Rellok, dislexia du, eta hala kontatu izan du elkarrizketetan: “10 urterekin jakin nuen dislexia nuela, irakasle batek antzeman zidan eta horrek bizitza aldatu zidan. Ordura arte, tuntuna nintzela uste nuen, despistatua, ahalegin handia egiten nuen nire zailtasunak ezkutatu nahian. Hortik aurrera, irakurtzeko eta idazteko prozesua hobetzeko laguntza jasotzen hasi nintzen, eta laster eman zituen fruituak”.

25 ikasleko gelan tutoreak askotariko beharrei eta arreta berezia behar duten gero eta ikasle gehiagori erantzun behar die

Beharra duten ikasleentzat, baliabideak urri

Eskolan, berariazko laguntza behar duten ikasleak dira dislexia dutenak, baina laguntza horrekin gertatzen ari dena kontatu dugu ARGIAn. Premia bereziekin diagnostikatutako ikasleak ikastetxeko mapa deiturikoan sartzen dituzte eta mapan egoteak esan nahi du, ikasle horrek arreta handiagoa behar duen heinean, baliabide pertsonala esleituko zaiola (hezitzailea edota PTa) ikas-ibilbidean eta ikasgelan laguntzeko, curriculuma bere beharretara egokitzeko eta abar. Baina duela urte gutxi batzuetatik hona, hainbat profil mapatik atera dituzte, premia larrienak besterik ez dituzte utzi mapan (desgaitasunak, nahasmen larriak…), eta gainerakoek, berariazko laguntza behar duten ikasleak deiturikoek, ez dute baliabide gehigarririk, tutoreak (berez klaustroak) erantzun behar die ikasle horien beharrei, eta egokitu behar du materiala eta ikas-prozesua bakoitzaren errealitatera. Esan bezala, berariazko laguntza behar duten ikasleen artean daude dislexia dutenak, baina baita bestelako zailtasunak dituztenak ere. Kontuan hartu behar da ikasle horien kopurua nabarmen egiten ari dela gora. Ondorioa? 25 ikasleko gelan tutoreak (klaustroak) askotariko beharrei eta arreta berezia behar duten gero eta ikasle gehiagori erantzun behar die, ikas-prozesu gero eta gehiago egokitu behar ditu, eta erreportajeko solaskideek argi dute: batetik, zama agerikoa da, irakasleak maiz ez dira iristen denei egoki erantzutera; bestetik, formazio hutsune handia dute irakasleek, sarri ez dakite hainbat beharri nola erantzun.