Gora Gasteiz plataformak abiatutako Marotoren aurkako kanpainak fruituak eman ditu Udalaren osatzean. Bere diskurtso “arrazista” eta “xenofoboa” alkatetzatik kanpo uztea lortuta, balorazio oso positiboa egin du Gora Gasteizek.
Plataformako kide Ane Zelaiak Info7 irratian adierazi duenez, “oso pozik” daude lortutako emaitzarekin, eta Gasteizko jendartea “zoriondu egin behar da egindako lanagatik”.
Bere hitzetan, urte oso gogorra izan da Gasteizten, Marotok egindako adierazpenek giroa erabat “gaiztotu” dutelako. Guztia galduta zegoela uste zuten, eta egoerari buelta ematea oso zaila izango zela.
Ordea, jendearengan ilusioa sortuta, bizilagunen aktibazioarekin, bestelako Gasteiz baten alde egitea lortu dutela adierazi du Zelaiak: “Aniztasun eta errespetuan oinarrituko den Gasteiz baten alde egitea lortu dugu, egoerari buelta eman diogu”.
Gora Gasteizko kideak onartu du hauteskunde gauean gogorra izan zela “errealitatearekin parez pare” topatzea. Bere hitzetan, “diskurtso arrazistak bozak ematen ditu, batez ere krisi garaietan”. Baina oraingoan Maroto bakarrik gelditu da bere diskurtsoarekin.
Azpimarratu du herritarrek badutela politikan eragiteko gaitasuna, argi gelditu dela kasu honetan.“Sentsibilitate ugari biltzea lortu dugu, bakoitza bere esparrutik. Horrek konplizitate handia sortu du, bai esparru politikoan, baina baita beste hainbat arlotan ere”.