Helburua lortu du Gora Gasteiz ekimenak: interes alderdikoiek bultzatuta mezu xenofobo eta arrazistak zabaltzen ari zirela-eta, diskriminaziorik gabeko hiria aldarrikatzeko jaio zen, joan den azaroan. Apirilaren 18an bukatuko du bere ibilbidea, gasteiztarren atxikimendu handiak babestuta.
Prestazio sozialak jasotzen dituztenei buruz Javier Maroto Gasteizko alkateak esandakoen ostean, eskubide eta aukera berdintasunaren defentsan sortu zen Gora Gasteiz, eta lau hilabete hauetan xedea soberan bete dutela adierazi dute arduradunek, kolektibo eta lagun askok aldarrikapenarekin bat egin baitu, eta bide horretan hiri ireki eta anitza diseinatzen ari direla baitiote, bizikidetza oinarri.
“Gorrotoari gorrotoarekin erantzun geniezaiokeen. Baina gizarte honek ez duela merezi erabaki genuen. Ez du merezi gatazkarik, tentsiorik, eraso eta defentsaren dinamikarik. Eta zuri eta beltzari koloreen bidez egin diogu aurre, gatazkari elkartasunez, uniformizazioari aniztasunez, eskubideen murrizketari eskubide gehiago eskatuz, irainari musikaz”, azaldu dute hainbat kidek.
Jai erraldoia, aniztasunaren alde
Apirilaren 18ko jaiak emango dio amaiera jardunari: aniztasunaren eta eskubide sozialen alde, egun osoko festa antolatu dute Gasteizen bertan. Gizarte mugimenduen txokoa, haur jolasak, musika, dantza… izango dira, eta eguerdiko kalejirak “Gora Gasteiz! Stop Arrazakeria!” izango du lelo nagusia.
Aurpegi ezagunek babestuta
Asko dira mugimenduarekin bat egin duten herritarrak. Tartean, izen ezagun ugari: Bernardo Atxaga, Iñaki Iriondo, Irati Anda, Karmele Jaio, Karra Elejalde, Katixa Agirre, Mikel Urdangarin, Oihane Perea, Igor Gonzalez de Galdeano, Izaskun Moyua, Unax Ugalde, Iban Zaldua…