argia.eus
INPRIMATU
Diskriminazio berria, diskriminazio onargarria?

Jasone Iroz 2021eko abuztuaren 26a

Aste huntan, kafea hartu dut herriko taberna ezberdinetan, betidanik egiten dudan moduan. Larunbatean alta, inoiz gertatu ez zitzaidan egoera bizi izan dut. Kafea ukatu eta tabernatik joateko erran dit bertako zerbitzariak. Euskaraz eskatu izanagatik gertatu zait? Emakume izateagatik? Azal kolore ezegokia izateagatik? Diskriminazio mota hauetako bat pairatu izan banu, txio bat hedatu eta berehala deituko ninduen kazetariren batek, edo kolektibo batek, gertatutakoaren berri hartzeko edota protesta bat antolatzeko "Diskriminaziorik ez" lerroburu baten atzean.

Baina, Lapurdi kostako terraza eguzkitsu horretan, kafea ez nuen hartzen ahal, “frantses gobernuak inposatu berri duen osasun pasaportea ez nuelako” azaldu dit zerbitzariak, segurtamen osoz bezain deseroso. Azalpen berri horrek dirudienez, salaketa irmoa baino, ezinegona ekarri du diskriminazioen kontrako betiko eragile, defentsari askoren artean.

Kafearena jarri dut eguneroko ohituretako adibide adierazgarri gisa, baina zinema, jatetxe, garraio, kultur ekitaldi, lantoki (alor askotako langileak behartuak dira txertoa hartzera), ikastetxe (ikasle bat positibo agertuz geroz, haur ez-txertatuak baztertuko eta etxera bidaliko dituzte) edo beste hamaika leku eta jarduera har ditzaket hizpide, Lapurdi, Xiberoa edo Baxe-Nafarroako milaka herritarrok bizi dugun egoera sinesgaitzaz eztabaida hornitzeko. Are gehiago, ospitaletako artamenduak debekatuko dizkietela osasun pasaportea ez duten gaixoei (tratamenduak hartzeko, kontsultak egiteko...) zehaztu behar dut irakurtzen ari diren osasun arloko langileentzat, Hipokratesen zina zertan gelditzen den galdetu aitzin.

Nahitara, ez naiz sartzen hemen txertoaren alde edo kontrako eztabaidan, zientzialarien ondorio kontraesankorretan, datuen dantza amaigabean, politikari, hedabide eta sindikatuen isiltasun estrategia tutagarrian. Ez ditut aipatu nahi ezta, gai guzti hauen harira gertatzen ari diren jarrera mespretxagarriak, deklarazio hautsezinak, etiketatze erresak edo bertso borroka arrakastatsu bezain penagarriak ...Gai minberatsu horiek, luze joko lukete eta milaka ekarpen ezberdinez elikatzen dira egunero, hedabideak eta sareak lagun. Nahiago dut denboraren esku uztea ikuspuntu guzti hauen epaile lana. Baztertzen ditut nahitara baztertzaileak eta nahasgarriak diren gaiak, irakurleak hasierako lerroburuan edo galderan zentratzeko: diskriminazio berriak, diskriminazio onargarriak dira?

Lerro hauek idatziz, beste perspektiba batetik, irakurleei iritzia galdegin nahi nieke: zer iritzi duzue, Euskal herriko zein munduko milioika herritar diskriminaturik eta kontrol erabatekoan bizitzera kondenatzen gaituen gizarte motaz? Herritar guztion oinarrizko askatasun eta eskubideak, lan, osasun, mugikortasun, gizarte alorretan, bat-batean galtzea zilegi iruditzen zaizue? Horri buruz eztabaida piztu nahi izateak arduragabe egiten nau? Diskriminazioa karrikan salatu nahi izateak, gaizkile edo eskuin muturreko bihurtzen nau? Munduko bazter ezberdinetatik, Covidaz iristen diren informazio ezberdin eta kontrajarriez jabetzeak gezurti, manipulatua, bihurtzen nau? Eta gure haurrei utziko diegun gizarte goibel eta kontrolatuaz kezkatzea ez da normala?

Gaiari heltzeko gomita luzatu nahi nieke ere, isilik, galdurik, beldurturik, bazterturik, edo horien testuinguruan beldurrez dauden jendeei. Izan ere, urte eta'erdi luze honetan, noraezean ibili garen herritar guztiok, txertatuak izan ala ez, gazteak, adinekoak, langileak, enpresariak, ikasleak (salbuespen batzuk badira: diputatuek, poliziek, goi mandatariek eta hauen lagun onek ez dute pasaportea erakutsi beharrik) pairatuko dugu agintari bakar batzuk, osasun aitzakia pean inposatu nahi duten QR kodedun gizarte berria, batzuk pasaportea eskuan eta besteak bazterrean. 18 hilabeteko zoramenaren ondoren, izuaren zurrunbilotik ateratzeko, arnasa hartzeko eta ikuspegi lasaiago batetik, iparrorratza berriz finkatzeko garaia dugu gainean. Denoi dagokigu bidea aukeratzeko ardura, bide berria eta hobea izan dadila, aldi honetan, inor utzi gabe bide bazterrean, ahalez.