Gertakariak igande egunsentian suertatu dira 5:00ak aldera Gasteizeko Mitika diskotekan. Hildako pertsona 31 urteko gizon bat da, eta lurraren kontra buruarekin hartutako kolpe baten ondorioz hil da, antza atezainak kolpe bat eman ostean.
Igande goizean 112 SOS Deiak abisua jaso zuen, gizon bat Bakea kaleko diskoteka baten sarreran konorterik gabe zegoela esanez, EITBk jakinarazi duenez. Bertaratutako osasun profesionalek gizona suspertzen saitu ziren, baina bertan hil zen.
Ertzaintzak gertakarien inguruko ikerketa abiatu du, eta Mitika diskotekako atezaina atxilotu du gertakarietan ustez parte hartzeagatik. Atezaina ertzain-etxean dago epaileak deklarazioa noiz hartuko zain, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatzen diote.
Diskotekako atezainak emandako kolpe baten eraginez erori zen gizona lurrera, eta buruan jasotako kolpearen ondorioz hil zen, EITBren esanetan. Euskadi Irratian zenbait lekukok antzeko adierazpenak egin dituzte. Borrokarik ez zela egon esan dute, eta dantzalekura ez sartzeko atezainak emandako kolpeak bota zuela gizona lurrera.