argia.eus
INPRIMATU
Diskoetxe independenteak, Youtubetik kanpo?
  • Youtubek harpidetza bidezko “Music pass” zerbitzua jarriko du martxan, eta diskoetxe independenteak akordio berriak sinatzen ez badituzte, euren eduki guztia blokeatuko duela iragarri du. Neurri honekin Adele edota Arctic Monkeys “egun gutxi barru” Youtubetik desager daitezke.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 18a
Adele edota Arctic Monkeys artistak Youtubetik kanpo gera daitezke egun gutxi barru

Albisteak polemika handia sortu du, musikaren sektore handi bat Youtubetik kanpo gera daitekeelako; munduan saltzen den musikaren %30a artista independenteena da.

Dirudienez, ez da arazorik izango diskoetxe nagusiekin akordioa sinatzeko; Robert Kyncl Youtubeko eduki eta negozioen arduradunak iragarri du diskoetxeen %90ek sinatu dutela akordio berria. Independenteekin arazo gehiago izango dituzte, diskoetxe handien maila berean egotera behartzen baitituzte.

Premium zerbitzu berrira harpidetzen direnek bideoak iragarkirik gabe ikusi eta abestiak mugikorretara jaitsi ahalko dituzte. Doaneko bertsioa ere izango du, iragarkiak izango dituena. Spotify edota Deezer plataformei konpetentzia egitea bilatzen du Youtubek honekin.