argia.eus
INPRIMATU
Disko eta liburu berriak aurkezteko plazak Sormenen eta Literaturian, Ahotsenearen eskutik
  • Apirilaren 4an zabalduko da Galdakaoko Sormene eta Zarauzko Literaturia jaialdietan liburu eta disko berriak aurkezteko Ahotseneak egingo duen deialdia.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 25
Ahotseneako aurkezpen bat joan den urteko Durangoko Azokan. Argazkia: Ahotsenea

Badira urte batzuk Durangoko Azokako disko eta liburu aurkezpenez arduratzen den Ahotseneak disko eta liburuei plaza berriak eskaintzeko ahaleginetan ari dela. 2018an Zarautzen egiten den Literaturia jaialdiarekin eta 2020an Sormene Sorkuntzen Galdakaoko Plazarekin egindako elkarlana aurrera doa, eta aurtengo jaialdietan lanak aurkezteko deialdia aurki zabalduko dute.

Maiatzaren 13an eta 14an izango dira aurtengo Sormeneren udaberriko ekimenak, eta egun horietan 2022an argitaratutako euskara hutsezko lanak aurkezteko eskaera egiteko deia luzatu die Ahotseneak artistei. Hainbat irizpideren arabera egingo dute hautaketa, tartean genero ikuspegia eta lurraldetasuna, baina argitaletxeen arteko orekari eta lehen obrak ekartzeari ere erreparatuko diote, egile berriei lekua emateko.

Aurkezpenen osagarri Kultur Sorkuntzen Azoka ere antolatuko dute aurten Galdakaon, eta bertan erakusmahaiak dohainik izango dituzte musikari eta diskoetxeek. Galdakaoko Kurtzeko plazan jarritako karpan izango dira disko eta liburu berrian aurkezpenak, eta azoka plaza horretako Gandasegi ikastetxeko aterpean, bertatik bertara.

Literaturazaleen urteroko elkarguneetako bat da Zarauzko Literaturia jaialdia, eta bertan liburuak aurkezteko aukera emango du aurten ere Ahotseneak. Maiatzaren 28an goizez eta arratsaldez eta 29an goizez izango dira aurkezpenak, liburu azokan bertan.

Izena emateko epea apirilaren 4an 10:00etan zabalduko dute, Ahotsenearen webgunean (ahotsenea.eus).