Hamabi kantuk osatzen dute Marjinalia disko berria. Kantuen letrak berak idatzi ditu, lau izan ezik: hiru kantu Angel Erroren poemak dira eta beste bat Xabi Bordaren olerkia. Ohiko musikariek lagundu diote disko berria grabatzen. Atom Rhumbako Natxo Beltranek bateria jo du, Split 77 taldeko Ekaitz Hernandezek baxua, Rafa Acevesek teklatua, eta Mikel Ramirezek gitarra. Horiez gain, Asier Ituarte eta Rafa Ruedaren laguntza izan du Murugarrenek. Lehenak haizezko soinu-tresnak jo ditu (tronboia, bonbardinoa eta beste), eta bigarrenak ekoizpen lanetan lagundu dio. Murugarrenen hitzetan Marjinalia diskoak aurrekoekin lotura gutxi du, "guztiz bestelakoa" da. Disko "organikoa" eta "oso naturala" egin duela eta pertsonak hartu dituela oinarri kantuak egiterakoan azpimarratu du.