argia.eus
INPRIMATU
Disidentzia ezabatzeko borondatea dagoela salatu du Ateak Irekik
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 15a

Ateak Ireki atariaren itxiera agindua salatzeko Nafarroako eragile eta norbanako ugari agertu da prentsa aurrean. Auzitegi Nazionalaren ebazpena adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo dute eta komunikazio proiektu berri bat martxan jartzeko asmoa agertu dute.

Zabaldi elkargunean batzar irekia egin zen atzo eta gaur aurrera begira egin litekeenaz hitz egin dute Alde Zaharreko AEKren egoitzan.

Ateak Irekiko kide Miguel Angel Llamas "Pituk" salatu du ezin dela onartu “Auzitegi Nazionalak hiru orriko auto batekin komunikabide bat ixteko aukera izatea”. Gogorarazi du autoa ez dela irmoa eta “helegitea aurkezteko aukera dugu, baina ondorioak pairatzen ari gara dagoeneko. Autoan ez da gure aurkako akusazio zehatzik egiten, soilik esaten da Herriraren parte garela”.

Hori horrela, Ateak Irekiko kideen ustez argi geratu da “Euskal Herrian ireki den aro politiko berriaren aurrean errepresioarekin erantzuten dutela”. Eta hedabideak itxiz “edozein ahots disidente ezabatzeko borondatea” dagoela, azpimarratu dute.

Erasoaren aurrean nabarmendu dute “Nafarroako herri mugimenduak sarean ahotsa izatea” ezinbestekoa dela, eta komunikazio proiektu berriak martxan jartzeko borondatea azaldu dute.

Kontzentrazioan parte hartzeko deia

Hilaren 23an, larunbata, elkarretaratzea eginen da Iruñeko Udal plazan arratseko 19:00etan. Ateak Irekiren itxiera salatu eta adierazpen askatasunaren aldeko ahalik eta erantzun zabalena eman asmoz egin da deialdia.