argia.eus
INPRIMATU
Munduko diruaren erdia %1aren esku egon ez dadin neurri zehatzak aldarrikatu dituzte
  • Nazioarteko datuak bilduz, egungo sistema politikoa elite ekonomikoen menpe dagoela eta aberastasuna esku gutxitan kontzentratzeko joera mantentzen dela (aberatsak aberatsago bihurtuz, eta areagotzen ari diren pobreak gero eta pobreago) salatu du Oxfam Intermon Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Horri aurre egiteko neurriak proposatu ditu Eliteentzako gobernatzea. Demokraziaren bahitzea eta berdintasun ekonomikorik eza txostenean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko urtarrilaren 20a
Elite ekonomikoaren menera aberatsen eta txiroen arteko amildegia handitzen duen sistema politikoa salatu dute.

85 pertsona aberatsenen artean, munduan txiroenak diren 3.570 milioi lagunek adina diru daukate. Aberastasunaren erdia mundu osoko herritarren %1aren esku dago. Horiek dira txostenak ematen dituen datuetako batzuk, sarritan entzun ditugunak. Atzean zer dagoen ere garbi adierazi du idatziak: elite ekonomikoaren menera aberatsen eta txiroen arteko amildegia handitzen duen sistema politikoa. Herritarren gehiengoak halaxe uste du, aberatsen aldekoa dela legedia.

AEBetan eta Europan 1980tik nagusi den joera dela dio txostenak, krisi garaiotan mantendu egin dena. Hala, Europan esaterako 2008-2010 urteen artean hamar pertsona aberatsenen diru-sarrerak handiagoak izan dira (217.000 milioi euro), ekonomia sustatzeko Europar Batasunean inbertitu den dirua baino (200.000 milioi euro). Horri gehitu behar diogu aberatsei egiten zaien presio fiskal ahula, murrizketa sozialak edota diru publikoarekin egindako bankuen erreskatea, ezberdintasunak areagotuz.

Neurri zehatzen beharra

Davosen egingo den Munduko Foro Ekonomikoan aurkeztuko dute txostena, eliteek joko ekonomikoa manipulatzen dutela eta demokrazia arriskuan dagoela salatzeko asmoz. Neurri zehatzak ere eskatuko dituzte: hala nola, paradisu fiskalen gaineko eztabaida (zergak atzerrira eraman ez daitezen); enpresa eta funtsetan egindako inbertsioak publiko egitea; sistema fiskal progresiboen alde egitea; zergak zerbitzu publikoetan, osasunean eta hezkuntzan inbertitzea; enpresek soldata duinak ordaintzea; eta legeak bide horretan ezartzea.

Azken finean, egungo politika aldatzea ezinbesteko ikusten du gobernuz kanpoko erakundeak, izan ere "merkatu finantzarioen presio izugarriak austeritate neurri bortitzak bultzatu ditu, behe eta erdiko mailak kolpatuz eta erreskate publikoen planei etekina atera dieten inbertsore handiei mesede eginez".