argia.eus
INPRIMATU
Dirua garestitzeari utzi dio AEBetako Erreserba Federalak, atzeraldiaren eta bankuen kolapso gehiagoren beldur
  • Erreserba Federalak interes-tasak bere horretan uztea erabaki du urtebetean lehen aldiz, orain arte etengabeko igoera egin eta gero. Argudio nagusia inflazioa jaitsi egin dela da, baina atzean badaude mamu gehiago, hala nola, atzeraldi ekonomikoa eragitea eta AEBetako finantza sektorearen egoeraz dauden zalantzak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko ekainaren 15
Jerome Powell AEBetako Erreserba Federaleko burua, asteazkeneko erabakiaren ondoren azalpenak ematen. Argazkia: Erreserba Federala

Jerome Powellek zuzentzen duen Erreserba Federalak (Fed) asteazkenean publiko egindako ohar baten bidez iragarri du interes-tasak bere horretan mantenduko dituela, %5 eta %5,25 artean, igoerarik egin gabe. Joan den urtean diruaren prezioa garestitzen hasi zenetik Fed-ek ez du igoerarik egingo lehen aldiz.

2022ko martxoan interes-tasak %0an zeuden, baina hamar aldiz igo ditu geroztik AEBetako banku nazionalak, batzuetan puntu erdiko igoerak eginda, %5era iritsi arte.

Agintariek lotsagorritu gabe esan izan dute interes-tasen igoeraren beste helburuetako bat langabe kopurua igotzea dela

Bilakaera horren helburua ekonomia "hoztea" izan da, herritarren erosahalmena jaitsi eta kontsumoa gutxituta. Agintariek lotsagorritu gabe esan izan dute interes-tasen igoeraren beste helburuetako bat langabe kopurua igotzea dela –enpresek garestiago dutelako dirua maileguan eskatzea enpleguan inbertitzeko–, lanik gabe, herritarrak estutu eta gutxiago gastatuko luketeelako, eta prezioak apaltzea ekarriko lukeelako horrek.

Interes-tasen igoera inflazioaren kontrako neurri eraginkor bakarra dela azaldu izan dute ekonomista ordoliberalek, nahiz eta ezkerreko ekonomialari ugarik hori bera ukatu duten sarritan.

Urte arteko inflazioa %4an dago gaur egun AEBetan –maiatzeko datua da– eta jaisteko joera izan du azken hilabeteetan. Nolanahi ere, Fed-etik ez dute baztertu uztaileko bileran tasak berriz igotzea.

Europako Banku Zentralak zer egingo du?

Europako Banku Zentralak, bestalde, ostegunean jakinaraziko du interes-tasak igotzen jarraituko ote duen. Itxura guztien arabera halaxe egingo du, inflazioa Europar Batasunean %6an baitago oraindik –Fed baino beranduago hasi zen tasen igoerarekin–, agintariek jarritako %2ko helburutik oso urrun.

Hala, seguruenik %0,25eko igoera erabakiko du Chirstine Lagardek presiditutako erakundeak, eta %4an jarriko lirateke interes-tasak. Euriborraren igoera berria eragingo luke horrek, eta hipoteka dutenek gehiago ordaindu beharko lukete etxebizitzaren truke. 2008az geroztik hipotekagatik ordaintzen diren interesak mailarik altuenean daude momentu honetan.

AEBetako finantza sektorean lurrikararen beldur

Inflazioaren jaitsiera da Fed-ek emandako argudio nagusia interes-tasak ez igotzeko. Baina AEBetako finantza sektorearen egoerak ere zerikusi zuzena du erabaki horrekin, analista askoren aburuz.

Analista eta inbertitzaileek begia jarri dute arriskuan dauden AEBetako hainbat finantza entitatetan: PacWest, Western Allliance, eta Metropolitan Bank

Pasa den martxoan bankuen krisia lehertu zen herrialde hartan, Silicon Valley Banken porrotaren ostean. Tamaina handiko hainbat banku erreskatatu behar izan zituen Erreserba Federalak diru publikoz –Europan ere, Credit Suisse hondoa jotzeko zorian izan zen eta Deutsche Banki ere eragin zion krisiak–.

Krisi hori interes-tasen gorakadarekin zuzenean lotuta zegoen, banku horien inbertitzaileek epe-motzagoko altxor-bonoetara jo zutelako etekin handiagoa lortzeko.

Baina zauria ez da itxi. Andreu Missék kazetariak Alternativas Económicas aldizkarian azaldu duenez, kiebra horien aurrean agintariek egindako kudeaketak kritika gogorrak jaso ditu AEBetan, batez ere bankuak are handiagoak izatea bultzatu delako azkenerako –Warren  Buffett inbertsore eta milioidunak berak esan du krisia ez dela amaitu–. Hala, askok jadanik begia jarri dute arriskuan dauden hainbat finantza entitatetan: PacWest, Western Allliance, eta Metropolitan Bank.

Eta testuinguru horretan, Fed-ak ez du bere moneta politikarekin beste finantza lurrikarara bat sortzeko inolako asmorik, oraingoz.