argia.eus
INPRIMATU
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren poltsatik 20 milioi gutxituko ditu Jaurlaritzak
  • 20,5 milioi euro gutxiagoko poltsa izango du EAEko Diru Sarrerak bermatzeko Errentak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Politika Sozialen bozeramaileak iragarri duenez. 2020ko aurrekontu proiektuan bere saileko kontuak zein izango diren esplikatzeko Legebiltzarrean emandako azalpenetan, laguntza soziala eskatzen duen gutxiago dagoela argudiatu du. Baina letra txiki asko dauka auzi honek.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 13a
DSBEko murrizketen aurkako kontzentrazioa (argazkia: Argilan ESK).

Espainiako hauteskundeen osteko giroak arreta informatibo ia guztia bereganatu duenean esplikatu ditu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Politika Sozialen sailak datorren urterako bere asmoak, tartean, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) diru-partida 20,5 milioi gutxiagokoa izatea.

Artolazabal sailburuak azaldutakoaren arabera, laguntza horren eskatzaile kopurua jaitsi egin da eta horrek justifikatuko luke erabakia. DSBEtik “aurreztuko” duten diru hori kolektibo sozial zaurgarrienei bideratuko zaiela ere azaldu du.

Baina nola da posible DSBEa eskatzen duten pertsonen kopurua jaistea, ESK sindikatuaren datuen arabera EAEn 194.000 lagun baino gehiago pobrezia arriskuan daudenean? Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %9,1 daude larrialdi ekonomikoan, baina haien egoera pixka bat arintzen lagunduko lukeen errentari guraizeak sartzeko asmoa dute Jaurlaritza osatzen duten EAJk eta PSE-EEk.

EAEko Legebiltzarrean DSBEa erreformatzeko proiektua abian jarri dute berriz ere 2019an, PPren babesarekin –alderdi hau izan zen laguntza sozialak jo-puntuan jarri zituena, Javier Marotoren kutsu xenofoboko kanpaina baten bitartez–.

Erreforma hori gauzatuko balitz, DSBEa eskatzeko aukera daukaten pertsonen kopurua asko gutxituko litzateke, baina ez premia faltagatik, legeak ateak itxiko dizkielako baizik: etxe bakoitzean DSBEa jaso dezakeen pertsona bakarra baimenduko luke erreformak, adibidez.

Lege-aldaketak ezarri nahi duen ikuspegiaren arabera, etxe berean bizi diren pertsona guztiek “bizikidetza-unitate” bat osatzen dute, haien arteko familia-harremanik egon ez arren. Gainera, ez ditu kontuan hartzen etxebizitza berean familia bat baino gehiago bizi daitezkeela, hain zuzen baliabide ekonomikoen eskasiagatik.

Bestalde, DSBEarengatik jaso ahalko litzatekeen kopurua gutxieneko soldatarekin loturarik ez duen modu batean kalkulatuko litzateke aipatutako erreforma indarrean sartuko balitz.

Aldatu nahi duten beste atal bat kontrol-mekanismoena da: datuak eskuan DSBEa jasotzen dutenen artean iruzur kasuak oso txikiak izan arren, laguntza eskatzen dutenen gainean galbahe estuagoak jarri nahi ditu Jaurlaritzak.