argia.eus
INPRIMATU
Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean
  • Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak estigmatizatzen dituela salatu du hainbat eragilek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko martxoaren 29a

Bai eredua bera, bai lege berria jarri ditu auzitan eragile sozial ugarik. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta 1989an jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak, baina eredua kritikatu izan dute gizarte mugimenduek. Batetik, hainbat baldintza bete behar diren heinean –sarri baita labirinto burokratiko bat igaro ere– jendea kanpoan uzten duelako errenta honek: pobrezia arriskuan dauden biztanleen %30 estaldurarik gabe uzten ditu. Bestetik, prestazioa ez dela nahikoa eta ez duela bizimodu duin bat eramateko adina diru bermatzen diote: prestazioa jasota ere, hartzaileen %53k ez du lortzen pobrezia egoeratik ateratzea, Argilan-ESKren datuen arabera.

EAEko 84 erakunde sozialek Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuten, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baten alde –irizpide, baldintza eta betebehar artean inor kanpoan utziko ez duen errenta baten alde–, baina iazko maiatzaren 5ean bertan behera geratu zen proposamena Eusko Legebiltzarrean, EAJ, PSE, PP eta VOXen kontrako botoekin.

EAEko 84 erakunde sozialek Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuten, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baten alde, baina iaz bertan behera geratu zen proposamena Eusko Legebiltzarrean

Errentari egindako aldaketak onerako

Pasa den urrian, Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin errentan adostutako aldaketak, lege berriak jasoko dituenak, harro aurkeztu zituzten: hala nola nabarmendu zuten DSBE eskatzeko adina 23 urtetik 18 urtera igaroko dela, baina 18-23 urte arteko gazteak frogatu behar du gutxienez urtebete daramala lan bila eta emantzipatuta dagoela; EAEn erroldatuta egoteari dagokionez, orain arte bezala hiru urteko erroldatzea frogatu beharko du gehiengoak, baina kolektibo zaurgarrienen kasuan urtebeteko erroldarekin aski izango da eta errolda epea murriztuko zaio hainbat kolektibori, orain arte ez bezala (errefuxiatuak, indarkeria matxistaren biktimak, sexu esplotazioaren biktimak); diru kopuruan ere aldaketa adostu zuten eta gehieneko errenta ez da izango Espainiako Estatuko batez besteko errentaren %60 baino txikiagoa –bestelako diru sarrerarik balu, DSBErekin ahalbidetu beharko litzateke kopuru horretara iristea–; eta errenta eskatzeko modua malgutu dute –baina ebazpena 2-3 hilabete luzatzen da eta prozesua oso telematikoa da, arrakala handia sortzen duen sistema, diote Argilan-ESKtik–.

Eta egindako aldaketak okerrerako

Lanbideko 25 langilek osatutako ikuskaritza taldea sortuko du lege berriak, eta errenta eskatu dutenak kontrolatu eta miatzeko moduen “kopuru neurriz gainezkoa” ageri da lege berrian, Iñaki Uribarri Argilan-ESK-ko kideak ohartarazi duenez: “Iruzurraren kontrolari dagokionean, 2018ko legea baino okerragoa da, oso gogorra, datorkiguna sarraski hutsa da”. Horren aurrekari da azken hilabeteetan eragile ugarik salatutakoa: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen hasi aurretik ere, prestazioa eskatu duen jendearen etxeak arakatzen ari da Ertzaintza. “Prebentzioaren izenean, egunero-egunero ari dira etxeetan sartzen; astakeria da eta jendea beldur da, modu oldarkorrean ari direlako, armairuak, arropak eta zoko guztiak miatzen, eta ez badiezu sartzen uzten, prestazioa ukatzen dizute”, dio Uribarrik. “Bereziki larritzat jotzen dugu DSBE jasotzen duten pertsonak kontrolatzeko etxebizitzetara sartzeak dakarren abusua eta eskubide urraketa”, adierazi du LABek. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobrezia eta pobreak estigmatizatzen ari direla kritikatu dute batzuek eta besteek.

Lege berriak Aitorpen Arduratsua delakoa ere badakar: DSBE eskatzerakoan, Aitorpen Arduratsua dokumentua bete beharko da, esanaz prestazioa jasotzeko baldintza guztiak betetzen direla, “baina hainbeste dira baldintzak, okerren bat egitea ohikoa dela, eta hemendik aurrera aitorpen hori egin eta baldintzaren bat ez betetzea zuzenean iruzur gisa joko dute”, azaldu du Uribarrik.

Aitorpen Arduratsua dokumentua bete beharko da, esanaz prestazioa jasotzeko baldintza guztiak betetzen direla, “baina okerren bat egitea ohikoa da, eta hemendik aurrera iruzur gisa joko dute”

Pentsiodunen mugimenduak ere lege berriaren aurka egin du, emakume pentsiodunak, bikote pentsiodunak eta beste pertsona batzuekin bizi diren pentsiodunak kaltetzen dituela argudiatuta: "DSBE berriak hasieratik argi uzten du oinarria ez dela bakoitzarentzako prestazio indibiduala. Bizikidetza-unitate bat osatzeko betekizuna ezartzean, eskatzailea automatikoki lotzen du bere ezkontidearekin edo bikotekidearekin, eta beraz, biak pentsiodunak badira, haren diru-sarrerak elkartzen dira ondorio guztietarako".

Eta horri guztiari gehitu behar diogu hasieran aipatu moduan ereduak berak jasotzen dituen kritikak, baldintza batzuk bete behar diren heinean jende bat kanpoan uzten duelako eta diru kopurua nahikoa ez dela iritzi diotelako.

“Elkarrekin-Podemosek lortu duena oso-oso gauza urria da, ez dute ezer inportanterik lortu eta asko irentsi behar izan dute. Denborarekin, ezkerreko alderdiak konturatu egingo dira, nik uste”, dio Iñaki Uribarrik, asteazkenean indarrean sartu den legea dela-eta.