argia.eus
INPRIMATU
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan sailburuak aurkeztu dituen proposamenak
  • Beatriz Artolazabalek 15 egokitzapen eta bost aldaketa proposatu ditu Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan. Tartean daude etxe berean bizi diren pertsona denen diru-sarrerak kontatzea, etxe bakoitzean gehienez DSBE bakarra jaso ahal izatea eta zenbatekoak Jaurlaritzaren aurrekontuen arabera erabakitzea, ez Gutxieneko Soldataren arabera.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko maiatzaren 31

Maiatzaren 31n aurkeztu ditu Gizarte Politika eta Enplegu Sailburuak Eusko Legebiltzarrean proposamenak. Egoeraren diagnostikoa eta herritarrei eginiko inkesta bat ere aurkeztu ditu. Oinarri horrekin, Legebiltzarrak adostu beharko du DSBE Legearen erreforma. Hurrengo udaberrira arteko prozesua izango dela aurreikusten da.

Hauek dira, puntuz puntu, Artolazabalek aurkeztutako proposamenak (irekian, gazteleraz):

1- Bizikidetza unitateak determinatzeko modua: Etxe berean bizi diren kide guztiak kontuan hartzea proposatu du. Hau da, euren arteko harremana edozein dela ere, etxe berean bizi diren kide guztien diru-sarrerak hartuko dira kontuan, eta gehienez, etxe bakoitzean DSBE bakarra jaso ahal izango da. Kasuan kasuan salbuespenak egingo dira.

2.-Errentaren zenbatekoa eta konplementuak kalkulatzeko formula aldaketa: Bizikidetza unitate denek oinarri bera izango dute, eta kideak gehitu ahala gutxitzen doazen konplementuak izango ditu heldu bakoitzeko eta ume bakoitzeko. Pertsona bakarrak 650 euro jasoko lituzke (450 euroko oinarria + 200 euro helduarena); bikoteak 850 euro (400+200+160 bigarren helduarena) eta bi ume eta bi helduk 1.014 euro (400+200+160+120 lehen umea+80 bigarren umea). Bizikidetza unitate batek, gehienez, 1.200 euro jasoko lituzke.

3.-Egoitza ziurtagiria: Udaleko erroldaz gain, EAEn bizitokia duela ziurtatzeko beste agiri gehiago eskatzea proposatu du. Egun 3 urtez egon behar da EAEn erroldatuta DSBE jasotzeko, eta epe hori 2 urtera jaistea proposatu du, adin txikikoak euren kargu dituztenen kasuan.

4.-Errefuxiatuak eta asilo politikoa edo nazioarteko babesa eskatu dutenen kasuan, 3 urteko erroldatik salbuestea proposatu du. Herritar hauek beren jatorriko herrialdean dokumentazioa lortzeko zailtasunak eta baita arriskua dutenez, hainbat ziurtagiri aurkeztetik salbuestea proposatu du. Esaterako, jatorriko herrialdean dituen ondasunen agiria, NIE edo pasaportea (errefuxiatu txartela edo asilo eskaerak ordezkatuko luke).

5.-Ondarea baloratzeko modua. 18/2008 Legearen arabera, DSBE jasotzeko ezin da bizitokia ez den beste higiezinik izan, ezta ondasun igikorrik, neurri batetik gora. Artolazabalek proposatu du kasuan kasu baloratzea ondasun horien balioa eta likidatzeko aukera eta ondasun horren balioa zenbat eta handiagoa izan, jasotzen den DSBE zenbatekoa murriztea.

6.-Ez-bidezko ordainketak preskribatzea, bi urtera, Lanbidek ez badu gehiegizko ordainketa hau erreklamatu edo jakinarazi.

7.-DSBE zer ordaintzeko erabiltzen den kontrolatzea. Proposatu du araudian txertatzea DSBE jasotzen dutenek zer ordaintzea hartzen den "erabilera txartzat", eta zer kasuk ekar dezakeen DSBE etetea edo kentzea.

8.-"Iruzurrean kooperatzen duten hirugarren pertsonak" zigortzea, arduran parte eginez.

9.-Lanerako estimuluak hobetzea. Lanaren konplemento diren laguntzak jasotzeko gehienezko epeak kentzea. Soldararen konplemeto diren laguntzak gehienez 400 eurokoak izatea. Laguntza hauen zenbatekoa definitzeko formula aldatzea, lehenetsiz epe luzeko lanak, lan laburren aldean.

10.-Enpresa arruntak inplikatzea DSBE jasotzen dutenei eta denbora luzez langabezian direnei lan aukerak sortzen. Errelebo-kontratuetan obariak handitzea proposatu du, hartzen den pertsona DSBE jasotzen duena edo epe luzez langabezian dagoena bada.

11.-Lanbidek lan eskaintzak eta formaziokoak handitzea eta DSBE jasotzaileek hauei erantzun behar izatea.

12.-DSBE jasotzen duen bakoitzari administrazioko langile erreferente bat jartzea, gizarte zerbitzuetan eta lan zerbitzuetan orientatzeko.

13.-Hirugarren sektorearen eta ekonomia solidarioaren parte-hartzea.

14.-Diru Sarrerak Bermatzeko EAEko Sistema eta Gizarteratzekoa osotasunean lantzea.

15.-DSBEren datuak gardenki erakustea eta Lanbideren datuen lanketa estatistikoa egitea.

Proposatu dituen beste aldaketa batzuk

- Erakunde publikoek finantzatutako egoitzetan bizi direnei DSBE gutxitzen joatea, kopagoa ez dagoen kasuetan.

- Herentziak, donazioak eta indemnizazioen gaia zehaztea.

- Bizikidetza unitateko edozein kidek eskatutako kreditu pertsonalak "ezohiko diru-sarrera" gisa hartzea, eta debekatzea DSBE edozein kredituren berme gisa erabiltzea.

- Norberaren baliabide gisa hartzea bizikidetza unitateko edozein kidek borondatez uko eginiko diru-sarrerak, bai Espainiako estatuan eta baita atzerrian ere.

- Araudian sartzea erremintak, frogatzeko atzera begirako DSBE ordainketak egiten direnean diru hori hirugarrenei eskatutako dirua itzultzeko erabiltzen dela, eta batez ere, udaletxeek edo hirugarren zerbitzuko erakundeek aurreratu duten dirua itzultzeko erabiltzen dela.