argia.eus
INPRIMATU
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 60.000 pertsonatik 20.000 pentsiodunak dira
  • “DSBE —Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta— jasotzen duten 60.000 pertsonatik 20.000 pentsiodunak dira, emakume alargunak gehienak, pentsio baxuenak beraiek jasotzen baitituzte”. Armando Aulestiarte Arabako Pentsionistak Lanean plataformako kidearekin elkarrizketa egin dute Hala Bedi irratian.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko otsailaren 27a
Pentsio duinen aldeko mobilizazioa Gasteizen (Arg: Arabako Alea)

Iragan astean Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko pentsiodunek egindako mobilizazioen ostean, pentsioen %0,25eko igoera salatu eta 1.080 euroko gutxienekoa  galdegin du Aulestiartek.

Salatu du alarguntza-pentsioa 650 eurokoa dela, eta alargun gehienak DSBEra jo behar dutela euren pentsioa osatzeko. Alabaina, DSBEa ez dela nahikoa nabarmendu du Arabako Pentsionistak Lanean plataformako kideak. DSBEa soldata minimoarekin batera igoko zela adostuta zegoen arren, Aulestiartek esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela hitza bete. Kontrara, gutxiengo soldata %8 igo da, eta DSBEan %15eko murrizketak egin dira: “triskantza jasanezina da”.

“Aurten KPIa —Kontsumorako Prezioen Indizea— %1,7 igo da, eta 2011tik %6,5eko erosahalmena galdu dugu. Ez hori bakarrik, gobernuak igoera honekin jarraitu nahi du 2022 arte, eta geroz eta erosahalmen txikiagoa izango genuke”, azaldu du Armando Aulestiartek.